argia.eus
INPRIMATU
Hildako ugari Bartzelonan furgoneta batekin egindako erasoan
  • Kataluniako hiriburuko Rambla etorbidean ezezagun batek furgoneta batekin harrapatu ditu bertan zeuden herritarrak, hildako eta zauritu ugari eraginez. Atentatu terrorista gisa hartu dute gertaera eta gutxienez atxilotu bat legoke.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 17a

Ostegun arratsalde partean, furgoneta bat jendez beteta zegoen Rambla etorbidean sartu da eta dozenaka lagun harrapatu du, sare sozialetan zabaldu dituzten irudiak aintzat hartuz hildako ugari izan daitezke, gutxienez hamabi, hedabide batzuen arabera. Nolanahi ere Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak hildako bakarra konfirmatu du, baina zihurtatu du zaurituen larritasuna ikusirik gehiago izango direla.

Esquadra Mossoek "atentatu terrorista" izan dela onartu dute baina ez dute datu gehiago eman erasoaren arrazoi eta jatorriari buruz.

Eusko Jaurlaritza izan da atentatu "jihadista" izan dela esaten lehenetakoa, biktimenganako elkartasuna adierazteko bidalitako txioan:

Arratsaldean oraindik ezezagun baten edo biren bila zebilen polizia, La Vanguardia egunkariak azaldu duenez baliteke horietako bat Bartzelonako lokal batean ezkutatuta egon izana. Mossoek emandako ondorengo informazioen arabera, ordea, arratsalde amaieran gutxienez pertsona bat izango luke atxilotuta.

Hiriko erdigune guztia erabat isolatuta egon da arratsalde osoan zehar eta komertzio guztiak itxiarazi dituzte. Erasotzaileak ihes egiteko erabiliko luketen beste furgoneta bat ere atzeman dute Vic hirian, Bartzelonatik 60 kilometrora..

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidenteak eta Ada Colau Bartzelonako alkateak euren oporraldia eten eta hiriburuan dira jadanik. Larrialdi gabinetea osatu dute eta Espainiako Estatuko arduradun politiko eta polizialekin harremanetan dira.