argia.eus
INPRIMATU
Hildako 100.000 arrainetik gora bota zituen Bizkaiko Golkoan munduko bigarren arrantzontzirik handienak
  • 3.000 metro koadroko alfonbra zuri bat bailitzan, hildako milaka arrainek osatutako orbain zuri bat aurkitu dute Sea Shepherd aktibistek asteburuan Bizkaiko Golkoan, La Rochelle parean. Haserre handia eragin dute irudiek Frantziako Estatuan. FV Margiris ontziak arrantzatuak eta bertatik eroriak izan dira animaliok, aitortu dutenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko otsailaren 07a
Hildako arrainek eragindako panorama Bizkaiko Golkoan. (Argazkia: Sea Shepherd)

Isuria joan den ostegun goizaldean gertatu zen FV Margiris ontzi holandarrari sarea hautsi ostean, Pelagic Freezer-Trawler elkarteak adierazi duenez. Munduko bigarren arrantzontzirik handiena da hau.

Sea Shepherd elkarteak argitaratu zituen hildako arrainen irudiak.

Frantziako itsaso gaietako ministro Annick Girardinek adierazi du irudiak "inpaktanteak" iruditu zaizkiola eta ikerketa abiatzeko eskatu duela.

Europako Batzordeko Ingurugiro, Ozeano eta Arrantza gaietako komisario Virginijus Sinkeviciusek ere esan du "kasuari buruzko informazio eta proba zehatzak" bilatzen ari direla.

Margiris gisako ontziek kilometro bat baino luzeagoak diren sareak erabiltzen dituzte arrastre-tekniken bidez arrainak harrapatu eta ontzian bertan dituzten faktorietan prozesatzeko. Ingurugiroaren aldeko ekintzaileek gogor kritikatzen dute praktika hau.

Sea Shepherd elkarteak harturiko beste argazki bat.