34 edo 35 urteko gizonezkoa, gasteiztarra eta alaba baten aita, ostegunetik ostiraleko gauean hil zen, Salhaketak jakinarazi duenez. Elkarteak gogoratu du Jaurlaritzak espetxe eskumena hartu zuenetik hiltzen den bederatzigarren presoa dela, eta egiturazko aldaketak eskatu ditu heriotza gehiago ekiditeko.
Presoen senideen elkartearen bitartez izan du heriotzaren berri Salhaketak. Hildako gasteiztarra errespetuzko moduluan zegoen, medikazio psikiatrikoa “kopuru oso handian” hartzen zuen, eta ziegan beste preso batekin zegoen.
Azken datu horrek “susmoa” eragin dio Salhaketari, hildako pertsonari suizidioen prebentziorako protokoloa aplikatu ziola espetxeak, neurrietako bat baita ziegan beste preso batek lagunduta egotea. Protokoloa bera kritikatu du espetxeen aurkako eragileak, larri dagoen pertsona baten zaintza beste preso baten esku uzten duelako: “Hau da, osasun edo medikuntza arloan inolako gaitasunik ez duen pertsona bat, askotan ez duena erantzukizun hori bere gain hartu nahi, eta behartu egiten dutena, kontuan hartuta bere ardurapean jartzen dutela historial psikiatrikoa duen pertsona bat, arreta berezitua eta jarraipen egokia behar dituena”.
Heriotza berriak ekidin
2021eko urrian hartu zuen Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako espetxeen eskumena, eta ordutik bederatzi pertsona hil dira preso zeudela. “Ez da kasu isolatua, ez salbuespena”, salatu du Salhaketak, eta ardurak dituzten erakundeei “berehalako neurriak” exijitu dizkie heriotza berriak ekiditeko. Besteak beste, Fiskaltzari eskatu dio heriotza guztiak ofizioz ikertu ditzala, eta familiei “informazioa eta babes legala” eskaini diezaiela.
Arazo fisiko edota mentalak dituzten presoan kaleratzeko eskatu du elkarteak, espetxeak gaitz horiek “okertu” egiten dituelako, batzuetan suizidioan amaitzeko, bere esanetan.
Kontzentrazioa
Azken heriotza salatzeko mobilizazioa antolatu du presoen aldeko eta espetxeen aurkako mugimenduak. Kontzentrazioa egingo dute asteazkenean, Gasteizko Andra Mariaren plazan, eguerdiko 13:00etan.