Euskal nobela beltzaren astea egingo dute aurten ere Baztanen, urtarrilaren 20tik 26ra. Genero beltza ardatz, egitarau oparoa osatu dute.
Seigarren urtez jarraian, baztandarrek genero beltzari eskainiko diote tartea urtarrilean. Nobela beltzaren jaialdiak seigarren edizioa du 2020koa, eta hainbat ekintzaz jositako egitaraua dakar. Solasaldiak, mahai-inguruak, liburu aurkezpenak, errezitaldiak edota erakusketak antolatu dituzte, besteak beste.
Jaialdiaren astea baino egun batzuk lehenagotik jarriko dute ikusgai Begoña Durruty-ren Bereterretxeren Kanthoria erakusketa, Arizkunenea kultur etxean.
Irakurle talde batek jarri zuen martxan (H)ilbeltza, 2015. urtean. Genero beltzak interesa pizten zuela ikusirik, ordutik euskal nobela beltzaren astea antolatu dute urtero. Inguruetan urteko lehen hilabeteari ilbeltza deitzen zaiola probestuz, (H)ilbeltza eman zioten izena jaialdiari.