argia.eus
INPRIMATU
(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea izango da Baztanen
  • Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 09a
Urtarrilaren 20tik 26ra ekintza ugari antolatu dituzte Baztanen. (H)ilbeltza

Urtarrilaren 20an hasiko da (H)ilbeltza, eta Joxan Oiz Arrutiren Amazurtza eleberria izango da protagonista, Arizkungo medikuaren etxean aurkeztuko du lana arratsaldeko 19:30ean. Urtarrilaren 22an, berriz, Idoia Santamariak Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak solasaldi gidatua eskainiko du, Anizeko elkartean arratsaldeko 19:00etan.

Asteburuan izango dira ekitaldi nagusiak. Larunbata, urtarrilaren 25a, izango da egun nagusia, egun beltza deritzona. Nola sortu kriminal bat (nahi gabe) mahai-ingurua izango da goizean Elizondon, eta eguerdian bazkaria Erratzun.

Ordainpeko ekintza bakarra izango da bazkaria, eta sarrerak eskuratu behar dira. Horretarako, ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidera mezua bidaltzea nahikoa izango da.

Egun beltzari jarraipena emanda, arratsaldean bi liburu aurkeztuko dira: Izaskun Gracia Quintanaren Basokoa eta Iñaki Petxarromanen Lehendakariaren alaba. Iluntzean, Ilargipeko enigmak jolasarekin itxiko da eguna Erratzun.

Igandean, urtarrilaren 26an, Xartolako Axeriitzuli beltza egingo dute goizeko 11:00etan Azpilkuetatik abiatuta, eta arratsaldean, 19:00etan, Odola kantari ikuskizunak emango dio amaiera aste beltzari.