argia.eus
INPRIMATU
(H)ilbeltza bekara proiektuak aurkezteko epea zabalik da
  • Baztanen gauzatzen den (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asteak IX. edizioa du aurtengoa, eta urtarrilaren 23tik 29ra gauzatuko da. Ekimenarekin batera, (H)ilbeltza beka ere abiatu dute, genero beltzeko narratiba proiektu bat diruz laguntzeko asmoz. Martxoaren 10a arte aurkeztu ahalko dira proiektu proposamenak.

Amaia Lekunberri Ansola 2023ko urtarrilaren 09a

Urtero legez, aurten ere euskal literatura beltzari tokia egingo diote Baztanen, (H)ilbeltza ekimenaren bitartez. Urtarrilaren 23tik 29ra, nobela beltza ardatz hartuta, liburu-aurkezpenak, solasaldiak, mahainguruak eta zinema emanaldiak egingo dituzte bailaran. Arizkunen, Anizen, Elizondon, Iruritan eta Erratzun egin dituzte hitzorduak.

Ekimenaren IX. edizioaren baitan, (H)ilbeltza beka deialdia ere egin dute. Baztango Udalaren, (H)ilbeltza elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, diruz-lagunduko da genero beltzeko narratiba proiektu bat. Dagoeneko ireki dute proiektuak aurkezteko epea, eta martxoaren 10era arte egongo da zabalik. Proiektuek, diru-laguntzara hautagai izateko, zenbait baldintza bete beharko dituzte: jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izan beharko dira, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, inondik moldatuak ez direnak eta saririk jaso gabeak. Oinarriak osotasunean Txalapartaren web-orrian kontsulta daitezke.

Lan hautatua 6.000 euroko bekarekin lagunduko da, eta urtebeteko epea eskainiko zaio lana bukatzeko. Bekaren onuradunak maiatzean jasoko du bekaren erdia, eta lana aurkeztean beste erdia. Txalaparta argitaletxea arduratuko da lan hori argitaratzeaz.

Zazpigarren urtez abiatu da (H)ilbeltza beka, eta lagundu du ekimenaren helburuak betetzen: euskal literatura beltza sustatzea eta munduko literatura beltza euskaratzea. Bekari esker euskaratu dira Patricia Highsmith-en Lardaska edota Massimo Carlotto-ren Agur, maitea, ikusi arte lanak. Eta euskaraz sortu dira beste zenbait lan, hala nola: Miren Gorrotxategi Azkuneren Sotoan gordeak, Miel Anjel Elustondo Etxeberriaren Kezko bola batek itoak birikak eta iazko bekaren irabazle Eneko Barberena Mondragonen Suak erreko ez balu.

Azken lan irabazleak eta beronen egile Barberenak irekiko dute aurtengo (H)ilbeltza, urtarrilaren 23an 19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean egingo den solasaldiarekin.