argia.eus
INPRIMATU
Hilabeteko greba hasi dute Kristau Eskoletan
  • ELA, LAB, CCOO eta Seteilas sindikatuek eta Kristau Eskola patronalak akordiorik lortu ez duten arren, hilabeteko epean lor litekeela azaldu dute sindikatuek.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 07a
Ikastetxe baten atarian egindako elkarretaratzea / Argazkia: EITB

Asteazkenera arte luzatu diren negoziazioetan akordiorik lortu ez dutela-eta, hilabeteko greba hastea erabaki dute ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek. Gaur berriz bilduko dira patronalarekin.

Sindikatuen hitzetan, orain arte adostasun batera heltzerik izan ez duten arren, litekeena da epe motzean lortzea, Jokin Sagarzazu kazetariak Berria egunkarian plazaratutako artikuluan azaldu duen moduan.

Bestalde, Kristau Eskolako zuzendari Mikel Ormazabalek adierazi du hainbat puntutan "urrats garrantzitsuak" eman direla, eta "baikor" azaldu da zentzu horretan. ELAko Miren Zubizarretak esan du deus ez dagoela itxita, eta "zuhur" jokatuko dutela. Gaineratu du patronalarekin adostu dituztenak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak berretsi beharko dituela. Hain justu, greba deialdia "neurriz kanpokoa" dela esan du Jaurlaritzak: "Hezkuntzarako eskubidea arriskuan jar dezake eta eragina izan dezake ikasleen errendimenduan". CCOO sindikatuak salatu du Jaurlaritza patronalarekin "lerratu" dela, eta hark ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" direla: "Greba eskubidearen aurkako eraso argia da".