argia.eus
INPRIMATU
Hilabeteko greba deitu dute Gipuzkoako egoitzek eta eguneko zentroek, Foru Aldundiaren “arduragabekeriagatik”
  • Azaroaren 11tik abenduaren 11ra arte iraungo du grebak. Azaroaren 28an batzarra egingo dute ELA sindikatuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horrez gain, ez diote "aterik ixten greba mugagabe bati".

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko urriaren 31
Irudia: ELA

Hamalau hilabete inguruan, 149 greba-egun egingo dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek. Azaroaren 11tik abenduaren 11ra bitarteko greba deitu dute ostegunean, “pertsona nagusien kalitatezko zaintza” bermatzeko behar bezalako baldintzak eskatzeko.

Naiz-ek argitaratu duenez, ELA sindikatuko arduradun Txomin Lasak adierazi du greba mugagabe baten aukerari ez diotela “aterik ixten”. Bitartean, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Maite Peña Aldundiko Gizarte Politiketako sailburuak iragarri dute aurrerapausoak emango direla azaroaren 28ko negoziazio-mahaian.

Denbora luzeko gatazka

2019ko irailean ere hilabeteko greba deitu zuten, eta urrian mobilizazio ugari egin zituzten. Baina bi urte inguru darama gatazka honek zeresana ematen. Patronalen eta sindikatuen mahaitik alde egin zuen ELAk gutxieneko baldintzarik ez zegoela argudiatuta, baina Adegi eta Matia 2000 patronalekin negoziazioak ez zituen utzi eta martxoan akordio batera iritsi ziren bi aldeak.

Orain negoziazio-mahaian parte hartuko duen Aldundiak, hasierako negoziazio horretan oztopoak jarri zituela salatu zuen sindikatuak.