argia.eus
INPRIMATU
Hilabete honetan Zornotzan eta Zierbenan laneko istripuak izan zituzten langileak hil dira
  • Ezbeharretatik egun gutxitara zendu dira langile biak. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du urriaren 31an Bilbon Confebask patronalaren egoitzaren aurrean heriotza biak salatzearren. Aurten 50 dira jada lanean hildako langileak.

Julene Flamarique 2024ko urriaren 29a
LAB

Urriaren 17an Zierbenan laneko istripu larria izan zuen L.M.B.A langilea hil dela jakinarazi du Osalanek. LABek argitu duenez, beharginak bost urtetik gora zeramatzan lanean Viuda de Sainz eraikuntza enpresan eta Abantoko El Campillo industriagunean jazo zen istripua. 52 urteko langilea hondeamakina baten motorra konpontzen ari zela kolpea hartu zuen begian, aurpegia larriki zaurituta. Langilea berehala lekualdatu zuten Gurutzetako ospitalera eta urriaren 24an hil zen. Ezbeharraren nondik norakoak argitzeko daude oraindik.

Osalanek ere jakinarazi du urriaren 15ean Zornotzako Maderas Etxeari enpresan larri zauritutako langilea urriaren 25ean hil dela. 59 urte zituen R.I.U langileak, hiru metrotik erori eta istripuko zauriek hil dute. Maderas Etxeari enpresaren DANA-AIR azpikontratarentzat lan egiten zuen behargina duela hamalau urtetik, konpresoreak mantentzeko eta berrikusteko lanetan.

Aurten Euskal Herrian 50 langile hil dira

Kasu bi hauekin, aurten Euskal Herrian 50 langile hil direla jakinarazi du LABek. Sindikatuak salatu du altueretako erorketek “protagonismo handia” hartu dutela urte honetan ere. “Oso ezagunak dira altueretako arriskuak ekiditeko ezarri beharreko segurtasun neurriak. Hauetako istripu bakoitzaren atzean enpresen utzikeria kriminala dago beti, izan ere, hainbat bitarteko ipini beharko lituzkete, legeak hala aginduta, uneoro segurtasun neurri ezberdinen aplikazioa bermatzeko uneoro. Eta ez dute egiten, sistematikoki”. Sindikatuaren arabera, azken hamar urteotan Euskal Herrian gutxienez 82 behargin hil dira altueratik erorita, gehienak eraikuntzaren sektorean. Zornotzako kasu honekin, hamar langile dira aurten lanean erorketen ondorioz hildako langileak. LABek “utzikeria kriminaltzat” jo du.

Makinek eragondako istripuak “ugariak” direla ere jakinarazi du LABek, nahiz eta babeserako araudia “oso zorrotza izan”. Ostera, enpresek araudia urratzeko joera dutela adierazi du, eta duten inpunitatea “onartezintzat” jo.