Hilabete pasa da, Udalaren aginduz, Gasteizko Alde Zaharreko Santo Domingo kaletik bederatzi familia euren etxeetatik irtenarazi zituztenetik. Santo Domingo Bizirik plataformak jakitera eman duenez, familia batzuei lau aldiz aldarazi diote etxez eta gehienak egoera “tamalgarrian” bizi dira. Udalaren jarrera “utzikeria hutsa” dela diote bizilagunek. Larunbatean kazelorada egingo dute Gasteizko Alde Zaharrean.
40 eta 42 zenbakieetako etxebizitzak “erortzeko arriskuan” zeudela argudiatuta, Gasteizko Udalak 72 ordu eman zizkien bertako bizilagunei eraikina husteko. Ordutik ziurgabetasunez bizi dira bizilagunak: etxez-etxe mugitu dituzte hainbat familia astebeteko epean, sukalderik gabeko ostatuak eskaini dizkiete eta, lau asteren ondoren, ez dute irtenbiderik jaso Udalaren aldetik.
Santo Domingo Bizirik! Plataforma sortu dute bizilagunek egoerari elkarrekin aurre egiteko. Udalaren “axolagabekeria” eta jarrera “pasiboa” salatzen dute: “Gure etxeetatik kanporatu gaituzte inongo bermerik gabe”. Azken hilabeteetan kaleak jasan duen “kriminalizazioa” ere nabarmendu dute: “Bizi handiko kalea izan da Santo Domingo. Eraikinak zaharrak direla badakigu baina ez dugu inongo laguntzarik jaso hauek berriztu ahal izateko. Alde Zaharrean gaude, oso toki estrategikoan, eta gure kontura Udalak etekina atera nahi du”.
Beste leku batzuetara bidali dituzten bizilagunek diote oso toki txikiak direla eta egunerokoa aurrera ateratzea “zaila” dela: “Sukalderik gabeko etxeak eman dizkigute. Nola biziko gara janaria prestatu ezin dugun leku batean? Ezinezkoa da”.
Kazerolada antolatu dute abenduaren 2rako, Udalari “presioa” egiteko. 14:00etan abiatuko da, Santo Domingo kaletik eta Alde Zaharretik barrena manifestazioa egingo dute. Abenduaren 10ª baino lehen konponbiderik ez badute, protestak areagotuko dituztela esan dute bizilagunek.