argia.eus
INPRIMATU
‘Hil kanpaiak’ Imanol Rayoren filma zinema aretoetan da ostiral honetatik aurrera
  • Imanol Rayo zine zuzendariaren bigarren film luzea, Hil kanpaiak, azaroaren 20an estreinatuko da zinema aretoetan.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 20a

Zinemaldiaren azken ediziotik igaro ostean, azaroaren 20an estreinatuko dute zinema aretoetan Hil kanpaiak, Imanol Rayo zuzendariaren bigarren lan luzea.

Itziar Ituño, Eneko Sagardoy eta Asier Hernandez protagonista dituen thriller-a da. Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritutako filma da. Garizmendi baserrian hezur batzuk azaldu eta Fermin eta Karmen senar-emazteek Nestor semeari deituko diote horiekin zer egin erabakitzeko. Polizia azaldu baino lehen, ordea, hezur horiek desagertu eta hasieran misterioa zena tragedia bihurtuko da.

Iraganeko akatsen ondoren bizi behar den frustrazioaz eta zorigaitzaz mintzo da Rayoren azken lana. Javi Agirre argazki zuzendariaren lanak eta soinuak ere berebiziko garrantzia dute ekoizpen honetan.

Zinemaldiaren aurretik, zuzendariak filmari buruz eta zinema ikusteko daukan moduaz hitz egin zion ARGIAri, behean irakur dezakezuen Reyes Ilintxetaren elkarrizketa honetan.