Xabier Lete idazle, poeta eta abeslaria hil egin zen atzo 21:30ean. Herenegun eguerditik Donostiako ospitalean zen oso egoera larrian. Azken urteotan hesteetako gaixotasunekin ibilia da abeslari oiartzuarra. Edonorentzat egongo da irekia Hernaniko Orbegozo tanatorioan, gaur eguerdiko 12etatik aurrera. Gorputz ematea astelehenean izango da, ta hileta elizkizunak Urnietako elizan egingo dira asteartean, hilaren 7an.
Xabier Lete Bergaretxe 1944an Oiartzunen jaiotako idazle, poeta eta kantaria da. 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera, Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen. Ondoren, bakarlari gisa hasi zen eta bederatzi disko kaleratu zituen. Telebistan bertsolaritzaren antologia programa egin zuen eta orotara zazpi olerki liburu kaleratu zituen, azkena orain bi urte, Egunsentiaren Esku Izoztuak. Liburu honekin 2009ko Literaturaren Euskadi Saria irabazi zuen. 2010etik ohorezko euskaltzain da.
Ikusi 2008an, Mikel Laboa hil berritan, Egunsentiaren Esku Izoztuak liburua aurkeztu zuenean Iruñean egin zuen poema errezitaldiko zenbait pasarte biltzen dituen bideoa.