argia.eus
INPRIMATU
Hil egin da Laudioko ZIU mugikorreko mediku falta pairatu zuen herritarretako bat
  • Bihotz-gelditzea pairatu zuen eta Bilboko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorra bertaratu behar izan zen bera artatzera, Laudiokoan ez zegoelako medikurik. Horrek nabarmen atzeratu zuen ospitaleratze prozesua.

Txabi Alvarado BaƱares Aiaraldea @aiaraldea 2024ko abuztuaren 26a
Urtarrilean 42 urteko laudioar bat zendu zen medikuaren arreta jaso gabe. Argazkian, hori salatzeko eginiko mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Hil egin da ostegunetik ostiralera bitarteko gauean Laudioko ZIU mugikorreko mediku falta pairatu zuen herritarretako bat, zenbait osasun langilek baieztatu dutenez.

Herritarrak bihotz-gelditzea pairatu zuen bere etxean, baina Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrak ezin izan zuen artatu, ez zuelako medikurik. Osasun langileek azaldu dutenez, horrelako kasuetan beharrezkoa da anbulantzia medikalizatua izatea, pazienteari zenbait botika indartsu administratu egin behar zaizkiolako egoera bideratzeko, beste hainbat parametro mediku kontrolatzearekin batera (arritmiak, bestelako gorabeherak...).

Gauzak hala, Bilboko ZIU mugikorra bertaratu behar izan zen herrira, eta horrek 40-50 minutu inguru atzeratu zuen ospitaleratze prozesua, osasun langileek salatu dutenez. 

Gau berean, gainera, beste herritar batek bihotzekoa izan zuen. Kasu horretan, herritarra bere kabuz bertaratu zen Laudioko Etengabeko Arreta Gunera. Bertan ikusi zuten bihotzekoa izan zuela, eta kasu horretan ere Bilboko ZIUa bertaratu behar izan zen ospiralera eramateko. 

Osakidetzako Langileen Batzordeak salatu duenez, ekainetik hona ZIU Mugikorretako 100 txanda baino gehiagotan ez da medikurik egon.

Bigarren heriotza aurten

Gertakari honek gogora ekartzen du urtarrilean Laudioko Etengabeko Arreta Gunean gertatutakoa, 42 urteko laudioar bat (David Hernandez "Fabi") bihotzekoak jota hil zenean mediku baten arreta jaso gabe.

Ordutik hona hainbat salaketa ekimen abiatu dira eskualdean osasun sistema publiko eta duina aldarrikatzeko. Protesta horiek mediku faltan jarri dute batez ere begirada.

Izan ere, hilabete ugari igaro diren arren, arazoa ez da bideratu. Iragan astean 24 mediku txanda zeuden betetzeke Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan abuztu eta irailerako.

Osasun langileek azaldu dutenez, ZIU mugikorren funtzionamendua ez dago Etengabeko Arreta Guneetara lotuta, baina antzeko arazoak pairatzen dituzte bertan ere.Uda honetan hainbat aldiz egon da unitate hori medikurik gabe, eta eskualde honetakoa ez da kasu isolatu bat. Osakidetzako Langileen Batzordeak salatu duenez, ekainetik hona ZIU Mugikorretako 100 txanda baino gehiagotan ez da medikurik egon.