argia.eus
INPRIMATU
Hil egin da Funesko lan-istripuan larriki zauritutako gaztea
  • Lan-istripu larria izan zen igandean Funesen (Nafarroa),  Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro elikagai-enpresan. 29 urteko gizona gauean bertan erietxean hil zela jakinarazi zuen Foruzaingoak.

     

Leire Ibar 2024ko urriaren 08a
Funesen gertatu da lan-istripu hilgarria. Funesko Udala

Makina batek besoa harrapatu zion 29 urteko langile bati, eta Fiteroko bizilaguna larriki zauritu zen. Larrialdi zerbitzuek suspertze lanak egin ondoren, helikopteroz Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Bertan zendu zen ordu batzuk igaro ondoren.

Aurten, Euskal Herrian 45 langilek galdu dute bizia lanean edo laneko bidaietan, horietako hamairuk Nafarroan. Euskal Herriko lan-istripuen estatistikek gorantz egiten jarraitzen dute. LAB sindikatuak egoera “kezkagarria” dela salatu du, eta adierazi du, ehunka mila euro gastatzen direla eraginkortasunik gabeko prebentzio-kanpainetan. “Heriotza bermatzen duen dinamika honekin amaitu behar da”.

ELA sindikatuak, bestetik, lan-istripuaren arrazoi nagusietako bat makinen segurtasun-neurriak ez betetzea dela nabarmendu du. Sindikatu horrek elkarretaratzea deitu du urriaren 10ean 11:00etan Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. ELAk azpimarratu du laneko istripuak saihestu daitezkeela segurtasun-neurriak betez gero.