argia.eus
INPRIMATU
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea
  • Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 30
Muxikan (Bizkaia) eginiko kontzentrazio bat, aurrek istripu bat salatzeko. Argazkia: ELA

Forestal Bejarano e Hijo SL enpresarako ari zen lanean hildako gaztea, Artzentales herriko (Bizkaia) El Peso mendian. Enbor batek kolpatu zuen pinuak mozten ari zela, ELA sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez. “Basogintzaren sektorean ezbehar tasa oso altua da, urtero egoten da lan istripu hilgarriren bat”, salatu du sindikatuak, 2021etik sektore horretan hamabi langile hil direla azpimarratuta. “Pisu handiek, lan gainkargek, erritmo hain zorrotzek edo iristeko zailak eta malda handikoak diren lekuetan erabiltzen diren makina astun eta arriskutsuek” basogintza lana arriskutsu bilakatzen dutela azaldu du.

Hildako 22 langile 2024an

Artzentalesen zendutakoa aurten lanean hiltzen den 22. langilea da LAB sindikatuaren erregistroaren arabera. Urtarrilaren 6an hil zen lehena, Zaragozan (Aragoi) lanena ari zela. 22 horietatik bi hil dira Araban, lau Bizkaian, sei Gipuzkoan, zazpi Nafarroan eta hiru Euskal Herritik kanpo ari zirela (Lapurdin, Behe Nafarroan eta Xiberoan ez da langilerik hil).

ELA sindikatuak kontzentrazioa egin du eguerdian, Zallako Euskadi enparantzan, “enpresen zigorgabetasuna eta laneko heriotza onartezinak ahalbidetzen dituzten erakundeen konplizitatea salatzeko”.