argia.eus
INPRIMATU
Hil egin da Alloko Essity enpresan lanean ari zela bihotzekoa eman zion langilea
  • Irailaren 22an Alloko Essity paper lantegian lanean ari zela bihotzekoak jota erietxera eraman zuten 60 urteko langilea hil egin da. LAB sindikatuak salatu duenez, 59 dira dagoeneko aurten lanean, lanarengatik edo laneko bidean hildakoak. Horietako hamasei Nafarroan.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 04a

Igandean jakinarazi zuten Muniainen 42 urteko langile bat hil zela, abere baten adarkaden ondorioz. LABek adierazi duenez, itxura batean lan segurtasun protokoloak ez ziren bete, bereziki arriskutsua izan ohi den orein arren orroaldian.

Egun gutxian Nafarroan hildako bigarren langilea da. Izan ere, hil egin da irailaren 22an Alloko Essity paper lantegian lanean ari zela bihotzekoak jota erietxera eraman zuten 60 urteko langilea. Guztira, beraz, 59 langile hil dira Euskal Herrian lanean, lanarengatik edo laneko bidean, LAB sindikatuaren arabera, horietako hamasei Nafarroan.

Langileen osasuna bermatzeko beharrezko baldintzak jartzeko ardura patronalarena dela azpimarratu du sindikatuak, eta neurri horiek ez hartzeko arrazoia da administrazioak kontrol eta jarraipen nahikorik egiten ez duela.

Modu horretan, Nafarroako gobernuari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari eta Lan Ikuskaritzari beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzaten eskatu dio LABek, modu eraginkorrean betearazteko enpresetako lan osasun neurriak.