argia.eus
INPRIMATU
Hil da Mieltxo Monfort, Bilbo Hiria Irratiko koordinatzailea
  • Otsailaren 25eko goizaldean hil da Mieltxo Monfort, Bilbo Hiria Irratiko koordinatzaile eta Zenbat Gara elkarteko kidea. Monfortek harreman estua zuen ARGIArekin, azken urteetan astero-astero aldizkariko edukiei tartea irekitzen baitie Ibaizabal magazinaren bitartez. Doakie hemendik ARGIAko lantalde guztiaren dolumina bai haren senideei bai Bilbo Hiria Irratiko eta Zenbat Garako lagun guztiei. 

     

ARGIA @argia 2016ko otsailaren 25
1997tik zebilen Monfort Bilbo Hiria irratian, aurretik bikoizketa lanetan aritu eta gero (Arg.: Bilbo Hiria Irratiak utzia).

Honako hau da Bilbo Hiria Irratiak Monforten heriotza dela-eta kaleratutako oharra (jatorrizkoa lotura honetan ikus daiteke) :

Zoritxarreko eguna dugu gaur Bilbo Hiria irratian. Gaur goizaldean zendu da Mieltxo Monfort Aiestaran, 62 urte zituela, gure irratiko esatari, koordinatzaile eta, ororen gainetik, LAGUNA. Bilbo Hiriako eta Zenbat Garako familian hutsune ordezkaezina utziko digu Mieltxoren desagerpenak.

Sortzez hernaniarra, baina aspaldi Bilbon errotutakoa zen Monfort, ikasle garaitik, EHUko kazetaritza fakultateko lehenengoetako lizentziatua izanik. Gaztetatik Bilboko Zazpi Kaleak bihurtu ziren bere eremu naturala, izugarri maite baitzuen Mieltxok gure Bilbo zaharra, Euskal Herriko mendietan barna ibiltzea maite zuen bezala. Bere gizarte konpromisoak hainbat ekimenetan parte hartzera bideratu zuen bere bizitzan: konpartsetan, LKI alderdian, Bihotzean auzo elkartean… Bere ahotsa izan zen bere lan tresna, bikoizketa eta lokuzio lanetan hasi baitzen, hasieran K2000 estudioan eta, ondoren, 1997tik hona, Bilbo Hiria irratian. Berari erabat lotua izan da irrati honen ibilbidea, bera izan baita urteotan irrati honen motor nagusia.

Kolaboratzaile sare zabala osatu zuen urteotan Mietxok, berak gidatzen zuen IBAIZABAL magazinean parte hartzen zuen lagun mordoa. Horrez gain, azken urteotan Arrosa Sareko ZEBRABIDEA saioan eta, urriaz geroztik, Hala Bedi Birekin batera goizero egiten dugun HIZPIDEA informazio saioan entzun genezakeen bere ahotsa.

Lanean zehatza eta ekina zen Mieltxo, gauzak aldez aurretik ondo prestatuta izatea maite zuen pertsona; umore finekoa eta ironikoa ere bai, bestalde, lagunekin plazer txikiez gozatzea asko maite zuena. Guk bere konpainiaren plazer erraldoiaz gozatu dugu urteotan, eta ez dugu sekula ahaztuko.