Koldo Larrañaga apaiza eta euskaltzale handia zendu da, 94 urte zituela. Añanan euskara berreskuratzen eta euskal zinemagintzan lan handia egin du Larrañagak. Hileta ostegunean izango da, 19:30ean San Martin elizan, Gasteizen.
Azken hirurogei urte eman ditu Koldo Larrañaga apaizak (Azkoitia, 1923) Lantarongo Caicedo-Yuso herrian, bere nagusiek bertara 'erbesteratu' zutenetik hain zuzen, Legutioko nekazarien alde jarri zelako soroak ureztatzeko eskubideei buruzko gatazka batean. Hasiera batean, Añanan, ez zuten ondo hartu "apaiz gorria", baina gerora herritarren esker ona irabazi zuen.
Betidanik euskararen aldeko borrokan aritu da Larrañaga Añana Kuadrillan. Euskara berreskuratzeko zerbait egin behar zela-eta lehen saioa orain 30 urte egin zuten, Angostoko komentuan: Bertan 15 eguneko ikastaro bat antolatu zuten fraideek, eta Araba osoko jendea bildu zen bertan. Halaber, Gaubeako medikuarekin batera, bertako eskolan euskara irakasten hastea lortu zuen, gero Lantaronen gau-eskola hasi zen, eta pixkanaka-pixkanaka herri ia guztietan euskara ikasteko taldeak osatu ziren.
Euskal zinemagintzan aitzindaria izan da Koldo Larrañaga; Frankismoaren bukaeran euskal zinema nazionalaren oinarriak jarri nahi izan zituen Ikuska film labur bilduman parte hartu zuen, besteak beste, Antxon Ezeiza, Montxo Armendariz, Jose Luis Egea, Pedro Olea eta Imanol Uriberekin batera. Arabako nekazal eremuaren huste arriskutsua erakutsi zuen Koldo Larrañaga apaiz eta zinemagileak Arabako herrien heriotza film laburrean.
Albiste hau Arabako Alean argitaratu du Estitxu U. Lopez de Arkautek eta CC lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra