Bi zeuden lekuan lau sartu dira, eta puzzle berri horretan amaitu da, orain arteko terminoetan behintzat, Espainiako Estatuan Franco hil zenez geroztik indarrean izan den PP-PSOE alderdien gobernu txandakatzea.
XIX. mendeko Canovas-Sagasta alternantziari 100 urteko diferentziarekin aurkitu zioten birformulazio postfrankista eraitsi duen fenomeno politikoak Podemos du izena eta geratzeko asmoz etorri da.
Baina bipartidismoaren amaiera ez da Pablo Iglesiasen alderdiarekin hasten, 2011. urtean kaleak hartu zituzten mugimendu sozialekin baizik. M15ak alderdi politiko nagusiei eragin zien ordezkaritza-krisirik gabe nekez uler daiteke kongresu berriaren osaketa, ezta eztabaida politikoak Espainian hartu duen norabide berria ere. Podemosek hori dena irakurtzen asmatu zuen eta proposamen elektoral bihurtzen, ezkerreko alderdi tradizionalek egin dutena baino modu eraginkorragoan.
Ez dute irabazi bototan, baina bai sakonagoko zerbaitetan: 78ko Trantsizioko Espainiari alternatiba pragmatikoa eskaini diote eta gaur gobernagarritasun arazo handi samarra gosaltzen ari dira Espainiako gorteetan. PP-Ciudadanos koalizioak ez du gehiengo absoluturik ematen, alderdi laranja finantzatu zuten bankarien zoritxarrerako. PP+PSOE da gehiengo posible ia bakarra: Erregimena hain lotsagabe agerraraziko dute ala beste hauteskunde batzuk beharko dira laster?