Hik Hasik 25 urte bete ditu ikasturte honetan eta koronabirusaren krisiak markatuta bada ere, hezkuntzan eragiteko gogoz ospatuko dute efemeridea.
Asteazken honetan Hik Hasiren 25. urteurrenaren aurkezpena egin dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan, 25 urte hauetako errepasoa egin du Ainhoa Azpirotz Hik Hasiko kide eta kazetariak, gogoratuz “Euskal Herri osoko eremuan elkarren berri izateko tresna gisa sortu zela Hik Hasi". Azpirotzek nabarmendu duenez, “eremu guztietan eta sare guztietan, izan ikastola, eskola publiko edo bestelako, guztien berri eman izan dugu lekuan lekuko esperientziak jasoz”.
Sorrerako urte haietan zegoen beharrak, nahiak eta gogoak bultzatuta sortu zen Hik Hasi, azaldu du Azpirotzek: "Euskal irakaskuntza edo hezkuntza kanpotik inposatzen ziguten sistema baten barruan zegoen, hizkuntza gutxitu batean, euskaraz ez zekien irakasle askorekin, zatituta, funtzionatzen ez zuten hizkuntza-eredu batzuekin, gure curriculuma garatu gabe, bertan sortutako material gutxirekin, dena inportatuz, argitaletxe nagusienak ez ziren bertakoak, eskoletan erabiltzen zen material askok eta askok edo gehienek Euskal Herritik kanpoko erreferenteak zeuzkaten, ikastola batzuen publifikazioaren ondoren giro nahasia zegoen, ikastolak ahulduta eta publifikatutakoak noraezean. Egoera horretan, eztabaidatzeko, trinkotzeko eta denok elkarrekin erronka horietan guztietan aurrera egiteko premia sumatzen zen han eta hemen”. Hezkuntza eremuko hainbat tokitan su txikiak sortzen ari ziren, eta horiek batzea, forma ematea eta abiatzea lortu zuen Joxe Mari Auzmendi zenak. Eta horrela abiatu zen Hik Hasi.
Ondoren Xabier Sarasua irakasle eta Hik Hasikiko kideak duela hiruzpalau urte aurkeztutako Hezkuntza Proposamena oinarri duen Hezkuntza Adierazpena aurkeztu du. Adierazpen honen helburua hausnarketarako gakoak mahai gainean jartzea da, Euskal Herriak behar duen hezkuntza-sistema inklusibo eta komunitariorako oinarriak azalduz: “Zoru etiko eta pedagogiko berria behar da Euskal Herriak une honetan dituen hezkuntza erronkei erantzuteko, eta zoru hori finkatzeko, itun sozial bat behar dugu hezkuntzaren inguruan. Horretarako, lehenengo, hausnarketa partekatua behar dugula uste dugu. Hezkuntza Adierazpen honen helburua hausnarketarako gakoak mahai gainean jartzea da. Zoru etiko eta pedagogiko berri horretara iristeko, eragile, ikastetxe, sare eta gizabanako guztien artean konfiantza eta lankidetza sustatu behar dugu. Hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion konpromisoa behar dugu, bakoitzak bere eremuan eta udalerrian lan egin dezan, betiere Euskal Herriari begira”.
Azkenik, ospakizun urte berezi honetako egitarauaren berri eman du Ainara Gorostitzu Hik Hasiko kazetariak. Hezkuntza Adierazpenaz hausnartzeko eta egungo egoeratik askatzeko, hausnarketa kolektiboak egingo dituzte ikasturtean zehar. Oraingoz, hau da ikasturte honetarako prestaturiko egitaraua:
- Azaroak 14: Natura: eskola bizia jardunaldia. Hizlariak: Iñaki Larrea –“Naturaren onurak haurren garapenean”–, Heike Freire, Ekogunea –Natura, eskolarako tresna– eta ikastetxeetako esperientziak.
- Urtarrilak 21: Adierazpenaren inguruko hausnarketa kolektiboa Iruñean.
- Martxoak 20: Autonomia, iniziatiba eta sormenaren lanketa jaiotzetik nerabezarora jardunaldia Tafallan, Agerraldiarekin elkarlanean. Hizlariak: Nora Salbotx, Jaume Funes, Xabier Tapia, Ane Ablanedo, Iñaki Arana eta Iñaki Eizmendi.
- Maiatzak 20: Adierazpenaren inguruko hausnarketa kolektiboa Bilbon.