Uztailaren 16tik 19ra HIGA! egitasmoa izango da Gasteizen, asteazken honetan prentsaurrean jakinarazi dutenez. HIGA!-k hizkuntza gutxituak bilduko ditu egun hauetan, eta 70 hizkuntza ekintzaile harremanetan jarri nahi ditu.
EHUk eta Gasteizko Udalak antolatu dute egitasmoa, eta Gazte planaren eta Euskararen Zerbitzuaren elkarlanean martxan jarri da hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen bigarren topaketa hau.
Egitasmoak bi alderdi izango digu: batetik, akademikoa, EHUko Udako Ikastaroen baitan egingo dena, eta bestetik, “alderdi ludiko eta erlazionala”, esperientziak partekatzeko eta Gasteiz ezagutzeko aukera emango duena.
Euskara eta Europako gainontzeko hizkuntza minorizatuen etorkizunari begiratuko diote, eta hizkuntza hauen biziraupenerako gakoak proposatuko dituzte. Horretarako, herri ekimena eta komunitate ezberdinetako kideen elkarlana funtsezkoak direla uste dute, eta hizkuntza gutxituak biziberritzea egungo gazteen erronka dela diote.
HIGA! egitasmoak iraungo duen lau egunen baitan askotariko ekitaldiak antolatuko dira, hala nola, hitzaldiak, formakuntzak eta kontzertuak.