HIESaren aurkako borrokaren nazioarteko egunean, gogoratu dute estigma handia duen birusa dela oraindik, osasun krisiaren erdian HIESa dutenen zaurgarritasuna areagotu egin dela, eta aurreiritzirik gabeko sexu heziketa ezinbestekoa dela txikitatik.
COVID-19aren garaiotan, zapalkuntza sistemek ez dituztela pandemia guztiak berdin tratatzen nabarmendu nahi izan du Hiruki Larroxa kolektiboak: “Ikusi besterik ez dago 40 urte daramatzagula GIBaren aurkako borrokan”, eta oraindik ez da txertorik lortu. “Zergatik ote da? Guztiz estigmatizatuta egoteak zerikusirik ba ote du? Guk argi dugu”, salatu du STEILAS sindikatuak, eta estigmaren aurkako txertoa badela azpimarratu du: informazioa. “Birusa kontrolatuko duen txertoa iristen ez den bitartean, borrokatu dezagun estigmaren pandemiaren aurka. Zure esku dago txertoa, ez hedatu estigma”.
Estigmatizazio horrek emakumeei gehiago eragiten diela gehitu du sindikatuak. “Infekzioak berak dakartzan ondorioez gain, bizitza sexuala zalantzan jartzera iristen dira kasu askotan, sexurik gehiago ezin izango dutela izan sinetsi arte. Gizarte osoaren ardura da estigma hori deseraikitzeko erronkari heltzea”.
COVID19ak baldintzatuta
1997tik, antierretrobiralei esker birusa kontrolpean mantendu daiteke eta HIESa detektaezina eta transmitiezina da gaur egun. Koronabirusak, ordea, GIBa dutenen egoera –beste hainbat gaitz dituztenen egoera bezalatsu– zaurgarriago bilakatu duela gogoratu dute Nafarroan Sare eta HIESaren Aurkako Komisioak, pandemiak erabat baldintzatu dituelako lehen osasun arreta, osasun sexualari lotutako kontsultak, diagnostikoak edota prebentziorako tresnak.
Murrizketek zigorturiko osasun sistema indartu beharra aldarrikatu dute erakunde hauek.
Oinarrian, sexu heziketa
Hezkuntza arloko sindikatua izanik, fokua hor ere jarri nahi izan du STEILASek eta administrazioari eta hezkuntza-eragileei eskatu die “aniztasunean oinarritutako aurreiritzirik gabeko sexu heziketa, errealitatera egokituko dena eta pertsonen arteko harremanak era osasuntsuan eraikitzea ahalbidetuko duena”.