Madrilen erizain bat kutsatu da ebolaz eta horren ondorioz Europan epidemiaren izua zabaldu du. Hala ere, Afrikan ebola baino gaixotasun larriagoei egin behar diete aurre egunero. HIESa, tuberkulosia eta malaria daude hilgarrienen artean.
Ebola birusaren agerraldirik larriena da aurtengoa. 932 pertsona hil dira otsailetik hona Ginean, Sierra Leonan, Nigerian eta Liberian gaitz honek kutsatuta, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuek diotenez.
1976an detektatu zutenetik 2.500 pertsona hil ditu birus horrek, baina kasu guztiak Afrikan gertatzen zirenez, kezka ez da herrialde aberatsetara hedatu orain arte. Ebolak mugak zeharkatu izanak, bere sintoma beldurgarriek eta hilkortasun tasa handiak (kutsatutakoen %60 hil egiten da) herrialde garatuak beldurtu dituzte.
Afrikan ordea, badira hain mediatikoak ez diren gaitz hilgarriagoak; HIESa, tuberkulosia eta malaria dira kaltegarrienak, Xavier Aldekoak abuztuan La Vanguardian nabarmendu zuenez. Herrialde garatuetan tratatu daitezkeen arren, kontinente afrikarrean sekulako hondamendiak eragiten dituzte.
HIESa
Dagoeneko 36 milioi pertsona hil dira GIBaren ondorioz, OMEren arabera. Munduko biztanleria seropositiboaren %69 bizi da Saharaz hegoaldeko Afrikan.
Prebentzioan aurrerapenak egin badira ere, Mugarik Gabeko Medikuen datuek diote urtean 1,6 milioi heriotza eragiten dituela eta 16 milioik ez dutela retrobiralak eskuratzeko aukerarik.
Tuberkulosia
GIBaren atzetik, heriotza gehien eragiten dituen agente infekziosoa da tuberkulosia. 2012an 8,6 milioi pertsona gaixotu ziren eta 1,3 milioi hil; heriotzen %95 herrialde txiroetan izan zirela erakusten dute OMEren datuek.
Saharaz hegoaldeko Afrikan 100.000 biztanletik 255ek izan zuten tuberkulosia urte horretan.
Malaria edo paludismoa
Kutsatutako eltxoen ziztadak transmititutako parasitoek eragiten dute. 207 milioi kasu detektatu zituen OMEk 2012an, eta horietatik 627.000 hil egin ziren.
Sendatu eta eragotzi daitekeen gaixotasuna izan arren, minuturo ume afrikar bat hiltzen da malariaz.