argia.eus
INPRIMATU
Hidrokarburoak bilatzeko baimenari uko egin dio BNK enpresak Burgosen
  • “Ziurgabetasun politiko eta legala” tarteko hartutako erabakia dela argudiatu du enpresak. Ekologistak Martxan taldearen iritziz, “herritarren aurkaritzak” geldiarazi du proiektua.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 06a
Frackingaren aurkako protesta bat, Sedano bailarako Mozuelo herrian.

Euskal Herritik gertu, Burgosko Sedano herrian hidrokarburoak ikertzeari uko egitea erabaki du BNK enpresak, Gaztela eta Leongo Juntan aurkeztutako idatzi baten bidez. Duela hilabete batzuk aurkeztu zuen sei putzutan sortuko zukeen ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ikerketa, baina erantzuna jaso aurretik erabaki du proiektua bertan behera uztea.

Enpresa kanadarraren Espainiako adarrak hartutako erabakiaren arrazoia, euren esanetan, gaiaren inguruan dagoen “ziurgabetasun politiko eta legala” da. Horrez gain, zehaztu gabeko “zenbait arazo tekniko” argudiatu ditu.

Ekologistak Martxan taldearen iritziz, baina, bestelakoak dira arrazoiak: “Kaltetutako udalen eta herritarren aurkaritzak lortu du proiektua erretiratzea”. Euren esanetan, 2014. urtean Kantabrian antzeko zerbait egin zuten: “Orduko hartan enpresak argudiatu zuen ez zirela egongo 'gogoko ez gaituzten lekuan'”.

Ondorioei buruzko ziurgabetasuna

Gaztela Leongo Juntako Lurralde Zerbitzuko buruak azaldu duenez, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ikerketek lurraren osaketa karstikoak eta gehigarri kimikoen erabilerak “sortuko lituzkeen ondoriei buruzko ziurgabetasunak” azaleratu ditu.