Capricorn eta Shell Upstream konpainiek baimena eskatu zioten 2013ko abuztuan Espainiako Gobernuari, Bizkaiko Golkoko itsas hondoan, euskal kostaldetik 60 eta 100 kilometro inguruko bitartean, hidrokarburoen esplorazioa egiteko.
Halaxe jakinarazi du Espainiako Gobernuak, urriaren 1eko Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialaren bitartez. Aztertu nahi duten eremuak 4.500 kilometro koadro inguru hartzen ditu.
Bi enpresek baimen bateratua eskatu dute bost zatitan banatutako eremuan hidrokarburoak bilatzeko. Mesana izen orokorra eman diote eremuari, eta zati horietako bakoitzari zenbaki bat gehitu: Mesana 1, Mesana 2… Bosten baturak Bizkaiaren azalera bi halako hartzen du gutxi gorabehera
Aldizkari Ofizialaren iragarpena egin den datatik hasita bi hilabeteko epea zabaltzen da alegazioak egiteko, baina prozesu osoak askoz luzeago joko du. Greenpeaceko Julio Barearen esanetan, hiruzpalau urte beharko dira Capricorn eta Shell konpainiek, Madrilen baimena lortzekotan –aurrekariei kasu egitera, hala izango da–, ingurumen inpaktu azterketa aurkezteko, Madrilgo Gobernuak oniritzia emateko eta beste zenbait tramite betetzeko.
Barearen ustez, baimena eskatu duten enpresek ondo ezagutzen dute eremua eta badakite hidrokarburoak egon badaudela, edo behintzat hala dute kalkulua eginda. Kontua da orain arte ez zaiela errentagarri suertatu itsaspeko bilaketan hastea; petrolioaren prezioaren gorakadak egoera aldatu du, ordea.