argia.eus
INPRIMATU
Hidalgo kapitaina

Ibon MeƱika Ibai Alzaga 2022ko urtarrilaren 14a

36ko gerraren arestian jaio zen Cadizen Manuel Hidalgo Salas. Gaztetan guardia zibil sartu eta 30 bat urte zituela, Euskal Herrira heldu zen. 60ko hamarkada hartan, informazio zerbitzuetan nabarmendu zen, erregimenarekiko disidentziaren kontrol, jazarpen eta errepresio lanetan.

Frankismoaren irudiko ondo betetako zereginen ordainean, 1972an kapitain izendatu zuten, eta Gernikatik ia Bizkai osoa bihurtu zuen bere menpeko eremu. Berezko zituen handinahiak, izaera zertxobait eszentrikoak eta sen psikopatak gainerakoa egin zuten, besteak beste, Busturialdean, Lea-Artibain, Durangaldean zein Uribe-Butroin Hidalgo kapitainaren legenda beltza zabaltzeko. Berari buruzko datu biografiko asko dakizkigun arren, herriz herri egin zituenen kontakizun amaigabeak entzun daitezke oraindik, bere agerraldi beldurgarriak, jipoi sadikoak edo tortura sesioak jasan zituztenen ahotik.

Egun argitan egin zituenez gain, gauza jakina da Fuerza Nuevako mitinetan parte hartzen zuela eta baita talde parapolizialen eraso askoren laguntza eta antolakuntzan aritu zela ere.

Zonalde honetako jaun eta jabe, urte haietan Uribe Butroi eta Busturialdean Guardia Zibilak zein talde parapolizialek utzitako ondarea aztertuz gero, zerrenda makabroa osa dezakegu: jipoiak; hainbat herritar torturatuak; 73an guardia zibilek Fruizen tiroz akabatutako Joaquín Diestre; 74an guardia zibilek kontrol batean tiroz zauritutako Pedro Bilbao gernikarra; 75ean guardia zibilek Mungian tiroz akabatutako Alfredo San Sebastian; 75ean guardia zibilek Gernikan tiroz akabatutako Blanca Salegi eta Iñaki Garai; 75ean zehar Busturialdeko hainbat herritan egin ziren negozio zein etxebizitza desberdinen aurkako erasoak; 76an ezezagunek Mungiako Jai Alai tabernaren aurka egindako tiroketa; 76an ezezagunek Nicolas Madariagaren Bakioko etxean eztandarazitako lehergailua edo 76an baita, zenbait ultrek Bermeo, Mundaka eta Gernikan ehunka autori egindako gurpil zulaketak. Behin Franco diktadorea hilda, eta trantsizio demokratiko deritzon aurpegi zuriketa haren mesedetan, 1976ko abenduan garaiko agintariek azkenean Hidalgo kapitaina lekualdatzea erabaki eta Leonera bidali zuten.

Beste askok bezala, Hidalgok gaur egun oraindik pairatzen darraigun trantsizio, ustez eredugarri, haren izpiritua ezin hobeto islatzen du. Izan ere, lekualdaketa haren ondoren berataz dauden hurrengo erregistroek adierazten digute, esaterako, 1989an Jaeneko 213 komandantzian teniente koronela zela eta guardia zibil laguntzaileen eskolan ikasketa buru izan zela. Alegia, erregimen frankistaren helburuen mesedetan aritutako gizona egindako lanagatik saritzen eta babesten jarraitu zutela ustezko demokrazian ere. Gauzak horrela, Manuel Hidalgo Salas 2012ko urtarrilaren 13an, orain 10 urte, hil zen Ubedan, esan ohi den moduan, ohean.

* Ibon Meñika eta Ibai Alzaga - IPESeko kidea eta Mungiako Haizetara Elkarteko kidea