argia.eus
INPRIMATU
Hibernazio pandemikotik esnatzeko, Gernikako Lekuek jaialdia
  • Martxoaren 12tik 19ra bitartean, Gernika-Lumoko kaleak hartuko ditu Lekuek jaialdiak. Azken bi urteetako gorabeheren ondoren, desberdina denaren ikusgarritasuna aldarrikatu dute antolatzaileek.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2022ko otsailaren 08a
J Martina taldea Gernikako Astran iaz (argazkia: Astra).

Musikazaleen agendetan toki berezia dauka Gernikako Lekuek festibalak. Urteko aurrenekoetarikoa izaten da eta antolatzaileek detaile guztiak zainduz lan egiten dute. Baina azken bi urteak ez dira errazak izan: 2020ko edizioa bertan behera geratu zen lehertu berria zen pandemiari aurre egiteko neurriengatik –martxoan egiten da Lekuek, duela bi urte mundu guztia konfinatu zuten hilabetea zen–; eta iazkoa ez zuten festibal gisa aurkeztu, ez zegoelako izen hori merezi zuen zerbait egiteko baldintzarik, nahiz eta formatu txikiko kontzertuei esker aurrera egitea lortu zuten.

Bi urte horrela pasa ondoren, “Badator IX. Gernikako Lekuek hibernazioarekin bukatzera” iragarri dute antolatzaileek prentsari bidalitako oharrean. Astelehenean jakinarazi dute aurtengo programazioaren zati bat eta Gernikan arituko diren taldeak ikusita, denbora aprobetxatu dutela argi dago.

ZA! talde kataluniar sailkaezina, Verde Pratoren minimalismo esperimentala, J Martinaren auto-tunez bustitako popa edo 20 urteren ondoren berriz bueltan den -Gailu egitasmoa ikusi eta entzun ahalko dira Gernikan martxoaren 12tik 19ra bitartean, beste askoren artean. Egitarau eklektikoa, soinu eta jarrera ugari barnebiltzen dituena, proposamen berriak ezagutzeko aukera ematen duena.

Ekimenaren izaera “boluntario eta autogestionatua” gogora ekarri dute antolatzaileek. Martintxo artista lokalaren kartelarekin batera publiko egin duten manifestu poetikoa berriz, asmo deklarazio argia da: “Gizenok espazioak betez / oker, trabes, makurrok, bidea gurea eginez / bihurri eta aldrebesok, kalea gurea eginez / baimenik eskatu gabe” aritzeaz dihardute, hitzak eta bizitzak dislokatzeaz, gorputzez eta gorputzetik, “uniformetasunak dakarren infernuaren aurka”.

Jaialdiak ohikoa duen moduan, Gernikako leku ugaritan izango dira kontzertuak: kalean bertan, Astran, Iparragirre Rock Elkartean, Kult Parnason eta Lizeoan. Dagoeneko salgai daude bonoak 25 euroan Gernikako Astran, Aterpen eta Ospa tabernan, baita jaialdiaren webgunean ere. Zuzeneko programazioaz gain, hitzaldiak, disko eta arte azoka, tailerrak, erakusketak eta beste zenbait jarduera ere izango da.