argia.eus
INPRIMATU
Hi
  • Begiratu adi-adi izenburu hau, eta buruan gorde, euskal hitz hau laster desagertuko da eta. Hauxe da hitanoaren etorkizun iluna.

     

    Euskarak hiru ezaugarri nagusi ditu: nor/nori/nork hirutasuna, deklinabide orokorra (aditzak ere deklinatzen dituena) eta hitanoa!

     

    Munduan ez omen da horrelako gauzak dituen beste hizkuntzarik. Nor/nori/nork eta aditzen deklinatzea bizirik daude, lehena subjektuaren menpean urardotuta, eta bigarrena “deklinabide” hitza zenbaiti gustatzen ez bazaio ere. Hitanoa, zoritxarrez, hiltzorian dago, baztertuta, ez baitu inolako indarrik irakaskuntzan, literaturan eta komunikabideetan.

2008ko irailaren 12a
Gontzal Fontaneda

 

Oso leku gutxitan mintzatzen da hika; toka, hobeki esateko, noketa herri gehienetan ia-ia galduta dagoelako. Lagun nafar eta giputz batzuei esker hika egiten ikasita, herriz herri ibili nintzen garai hartan, duela berrogei urte, eta mutilen artean, baita nesken artean ere, bizirik zegoen hitanoa herrietan, ahul baina bizirik. Aurten berriro eskualde berean izan naiz eta oraingo egoera larria egiaztatu dut: hika askoz gutxiago egiten dela, eta batez ere, nesken artean ez dela herri askotan erabiltzen, atzerakada izugarria jasan duela.

 

Gure gazteen ikasketetan gaingiroki ikasten da, sakondu gabe; ikasi gabe esango nuke. Ikasliburuek hitanoaren etorkizuna erakusten digute: hika irakasten duen ikasliburu batek hamar orrialde bakarrik eskaintzen dizkio, horietatik zortzi orrialde taulak izanik. Hutsune hauetaz gain, orain arte ez zegoen merkatuan hika egiten ikasteko metodorik.

 

Hainbaten aburuz, zuketa nahikoa dugu, hiketa ez baita erabilgarria. Beste batzuek hitanoa gaitzesten dute, arbasoen iritzi txarrak eraginda. Hala ere, munduak aurkako bidea hartu du, Europako gazteek nagusi bilakatu baitute hiketa beren hizkuntzetan zuketaren kaltetan, ingelesean izan ezik, noski, hiketako adizkiak aspaldidanik galduta zeuden eta.

 

Gure hizkuntzak ere hika-herren bukatuko du, hitanoa beste hizkuntzetako hiketa baino aberatsagoa dela kontuan izan gabe, hitanoa aditz-jokabide osoa dela gogoan hartu barik. Beste hizkuntzetako tratamenduek nahikoa dute solaskideari dagozkion jokoak bereiztea. Euskaran, berriz, hitanoak adizki guztiak moldatzen ditu. Hitanoari, nolabaitekoa izan ez arren, ez zaio ematen mende askotan zehar etorri zaigun jokabide bikain eta bitxi honek merezi duen axola. Bada garaia hitanoa irakaskuntzan bultzatu eta hedabideetan hedatzeko, telebistan batik bat, euskararen erakusleihorik zabalena eta irakaslerik eraginkorrena delako.

 

Heriotza ikusi horretatik ateratzeko gakoa Jaurlaritzako Hezkuntza Saila dugu. Hiritarrok irakatsi, ikasi, kaleratu eta lehendanik dakarren ospe txarrari aurre egin behar diogu, baina hau guztia ez da nahikoa irakaskuntzan serioski sartzen ez bada. Ni neure harri-koskorra ekartzen saiatu naiz: Hezkuntzak hitanoa indartzeko ekimena abian ez jarri bitartean, merkatuan metodorik ez zegoenez gero, hikako metodo bat argitaratu dut, “Hikasi” izenekoa, euskaldun guztiek (irakasleek, ikasleek edo beste edozeinek) hika egiten goitik behera ikasi ahal dezaten. Argibide gehiago nire internet-gunean lor daiteke: www.fontaneda.net.

 

Baina bakar-ahaleginak ez dira aski; Hezkuntza Sailari hitanoaren aldeko bultzada indartsua egiteko exijitu behar diogu, Hezkuntzaren esku baitago hitanoaren biziraupena. Helburua, badioenez, ikasle guztiek beren ikasketak bukatzean euskaraz  jakitea denez gero, aditz osoa, beraz, hika egiten ere jakin beharko lukete. Gero, eguneroko solasetan ez ezik, hitanoa telebistako eta irratiko saioetan eta idazleen liburuetan ere beharko dute, gizarte osoa hikaren alde.

 

Gontzal Fontaneda ARGIA aldizkarian: