Irakasleek urtetan pilatutako jakintza kontuan hartzea, klaustroek erabakiak hartzeko autonomia bermatzea, IKTen “uneoroko erabilera” sustatzen duten planak geldiaraztea, eta ikasgeletan aldaketa metodologikoak sartu aurretik dituzten ondorioak tentuz aztertzea eskatu du HezkuntzArtea Irakasleen Elkargune sortu berriak. Hurrengo pausoen berri eman diote ARGIAri.
HezkuntzArtea Irakasleen Elkargunea sortu du EAEko irakasle talde batek, eta joan den asteburuan Bilbon aurkeztu dute manifestua. Irakasleen formakuntzak kezkatzen ditu, “bereziki zuzendaritza taldeak jasotzen ari direna, ‘lidergo pedagogikoaren’ ideologia neoliberalean doktrinatua”, kontatu dio ARGIAri Tere Maldonado taldeko kideak. Hain justu, zuzendaritzaren eredu gerentzialari mugak jartzea eta klaustroek eskolaren inguruko erabakiak hartzeko autonomia izatea da egiten dituzten lau eskaera nagusietako bat. “Klaustro demokratikoak” aldarrikatu dituzte.
IKTen erabilera arrazoitua ere eskatu dute: multinazionalen menpekotasunetik ateratzea eta pantailen erabilera “ahal bezainbeste” mugatzeko deia egiten duten ikerketak kontuan hartzea. “Gailu informatikoek zein ganoraz frogatu gabeko metodologiek irakaslea ordezkatu dezaketela sinetsarazi digute”, diote.
"Gailu informatikoek zein ganoraz frogatu gabeko metodologiek irakaslea ordezkatu dezaketela sinetsarazi digute"
Hirugarren eskaera, irakasleengan konfiantza izatea eta haien esperientzia aintzat hartzea: “Gure lana aurrera eramateko askatasun metodologikoa bermatzea eta karga burokratiko antzua murriztea”. Baliabide ekonomikoak bideratzeko orduan ere, irakasleen iritzia entzun beharko litzatekeela azpimarratu dute.
Laugarren eskaera, berrikuntza kontrastatzea, ikasgeletara hedatu aurretik. “Kontrastatu gabeko hainbat metodologia sustatzen ari dira”, kexu dira, eta bateko “moda pedagogikoak”, besteko “gailu informatikoak” (zeinetan erakunde publikoek “milaka euroko inbertsioak xahutu” dituzten), egoerak okerrera egin duela salatu dute manifestuaren sinatzaileek: irakurketa ulermenean, hizkuntza adierazpenean eta matematikaren oinarrietan, besteak beste.
Irakasleen artean “nekea eta noraeza” zabaldu direla diote, eta horren lekuko, irakasle askoren atxikimendua jaso duela manifestuak, Tere Maldonadoren hitzetan. ARGIAri aurrez emandako elkarrizketan azaldu zuenez, hezkuntza politiken noraeza salatu nahi dute, etengabeko metodologia berriak, “burokrazia ikaragarria” eta IKTen “erabilera zentzugabea” tarteko.
"Interes pribatuek" bultzatutako aldaketak direla garbi dute.
'Berrikuntza pedagogikoari buruzko hausnarketa kritikoa' hiru eguneko ikastaroa antolatu dute uztailean
Aurrera begira, zer?
Maldonadok adierazi digunez, lan handia dute aurretik: “Hala nola atxikimenduen bilketa antolatzea, agian moratoria bat eskatzea Hezkuntza sailburuari berrikuntza pedagogikoan zein teknologietan, eta beste eragile batzuekin biltzea (ikasle elkarteak, guraso elkarteak…)”. Uztailean, UEUko udako ikastaroen eskaintzaren barne, Berrikuntza pedagogikoari buruzko hausnarketa kritikoa hiru eguneko ikastaroa antolatu du taldeak.
“Gure proposamena oihartzun dezente izaten ari dela ikusita, gure argudioak ondo josi eta zabaldu behar ditugu –gehitu du irakasleak–, aurreikusi baitaiteke, lehenago edo beranduago, pedagogismoaren interesak agertuko direla eszenatokian”.
Garbi mintzatu zitzaigun Maldonado: "Eztabaida plazaratu eta irakasleon nekearen berri eman nahi dugu. Badakigu irakasle asko daudela guk bezala pentsatzen dutenak, eguneroko lanean zenbat oztopo aurkitzen dituzten ikusteaz nazkatuta, ahotsa altxatu nahi dutenak. Gurekin bat egitera animatzen ditugu".