Ez dakit nondik hasi, egia esan. Ordezkoa naizen heinean –irakaskuntzan ikasturte gutxi batzuk daramatzat lanean– eskola ugari ezagutu ditut Nafarroa, Bizkai eta Araban zehar. Lankide izan ditudan irakasleekin euskal eskolak dituen gabezien inguruan hitz egiten dudanean eta sortu berri den HezkuntzArtea taldearen ezaugarriak, nortzuk garen eta zer eskatzen dugun azaltzen diedanean, esandakoarekin bat egiten dute aho batez.
1. Digitalizazioa:
Zein da ikasgeletan hainbeste pantaila digital sartzearen arrazoia? Ikasleentzat onuragarriak al dira? Benetan uste al dugu irakurtzen eta idazten pantaila baten bitartez ikasi daitekeela?
Tresna digitalen kontrolik gabeko erabilpenak, haur eta nerabeengan kalte ugari eragiten ditu, hala nola, arazoak familia eta lagunen arteko harremanetan, eskola errendimenduan (irakurtzeko, idazteko eta matematika trebetasunen gainbehera izugarri handia izan da), kontzentrazioan, obesitatean, sistema motor eta kardiobaskularraren garapenean, loaren kalitatean (behar diren orduak lo egiten ez badira memoriaren gainbeheran, immunitate-sisteman, autoerregulazioan eta emozioen kudeaketan eragiten du), eta azken batean, bizi-itxaropenean.
Ikasgeletan eta eskolatik kanpo tresna digitalen neurririk gabeko erabilerak eragiten dituzten kalteak asko direla ondorioztatzen duten milaka ikerketa daude, eta milaka esaten dudanean ez da gehiegikeria. Neurozientzian doktorea, eta Frantziako Osasun eta Ikerketa Medikoko Institutu Nazionaleko ikerketa-zuzendaria den Michel Desmurgetek, berak idatzitako La fábrica de cretinos digitales. Los peligros de las pantallas para nuestros hijos liburuan soilik, ikerketa eta artikulu zientifikoz osatutako mila erreferentzia bibliografikotik gora aipatzen ditu.
Irakasleok, hezkuntzaren noraeza argi azaltzen duten hainbat adibide identifikatuak baditugu, eta gehiengoan ados baldin bagaude, zein da orduan elkar ez ezagutzeko, gure artean ez biltzeko eta adostasunetara ez heltzeko zergatia edo aitzakia?
Horrek ez du esan nahi lagungarriak diren programa digitalak (Word, PowerPoint edo Excel, adibide batzuk jartzearren), Internet eta ordenagailuak ikasgeletatik desagerrarazi behar ditugunik, bururik ez duenak baino ez luke hori esango, baina betiere zentzuz jokatuz eta behar diren neurrian erabiliz eta aplikatuz.
2. Frogatu gabeko eta etengabeko berrikuntza pedagogikoa:
Azkenengo urteetan, hiru Hezkuntza Lege berri nagusi egon dira Espainiako Estatuan, batzuetan ezkerrak aplikatu du eta beste batzuetan eskuinak. Lege bakoitzaren aplikazioarekin beti gertatu da konpetentzien gehitzea ezagutzen kalterako. Edukiak kendu, eta ulertezinak eta ebaluatzeko ezinezkoak diren esaldi luzez osatutako konpetentziak ezartzen dizkigute.
Konpetentziak, konpetentziak eta konpetentziak entzuten dugu momentu oro. Baina, zein da konpetentzien esanahia? Zer esan nahi du ikasten ikasteak? Eta irakasten irakasteak? Zer ikasi eta irakasten da ikasten ikastearekin eta irakasten irakastearekin? Nola ebaluatzen da ikasten ikastea? Burua galdu al dugu?
Gainera, curriculumaren hustearekin batera, ezagutza guztiak Interneten daudela esaten duten pedagogiaren guru batzuk agertu dira. Baina Interneten aurkitu dezakegun gauza bakarra informazioa da. Ezagutzen transmisioa gertatu dadin, edukiak eta irakaslearen papera ezinbestekoak dira. Gizartearen aurrean aditu bezala aurkezten diren pedagogiazale hauek "coach" bihurtu nahi gaituzte irakasleok, haien ustetan, jakin beharreko guztia Interneten dagoenez, zein izan beharko litzateke irakaslearen papera orduan?
Ikasgaien edukien hustearen beste adibide bat da proiektuen bidezko ikasketa eta eremuka lan egitea. Proiektuak, eduki eta helburu espezifikoetan oinarrituta egon beharrean, hau da, ezagutzetan, ebaluazio-irizpideetan oinarritzen dira. Izan ere, irakasgai bakoitzaren ebaluazio-irizpideak edukiak baino kualitatiboki eskuragarriagoak izaten dira.
3. Burokrazia antzua:
Irakasleok lanean pairatu behar dugun burokrazia antzuaren adibide batzuk aipatuko ditut (irakasle askori ezagunak egingo zaizkiela seguru nago):
1. Ikasgai bakoitzaren programazio luzeak.
2. Istilu bat gertatzen denean ikasleekin hitz egin eta arazoa kudeatzeaz gain, datu askoz osatutako dokumentua bete behar dugu gertatutakoa argi eta garbi azalduz.
3. Hiruhilabete bakoitzaren bukaeran bete beharreko memoriak.
4. Ikasturte bukaeran bete beharreko Urteko Programazio Orokorra.
5. Parte hartu behar dugun batzorde ezberdinetan ematen dugun denbora.
6. Ebaluazio garaian, ebaluatzeko erabiltzen ditugun programa informatiko ulertezinak, luzeak eta, sarritan, funtzionatzen ez dutenenaren arazoarekin topo egiten dugu. Eta horri, konpetentzien zentzugabekeria gehitu behar zaio.
4. Hezkuntzaren merkantilizazioa:
Aurretik azaldutako guztia, hezkuntzaren merkantilizazioa lortzeko ezarri beharreko bideak besterik ez dira. Zein da bestela Eusko Jaurlaritzak programa informatikoak kontrolik gabe erostearen arrazoia? Zergatik saldu dizkiete gure ikasleen datuak Googleri, Workspace bezalako zerbitzua erabiltzearen trukean? Non geratzen da ikasleen pribatutasuna? Ze interes eduki dezakete enpresa erraldoiek, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak, Munduko Bankuak, Nazioarteko Diru Funtsak, Munduko Merkataritza Erakundeak eta Hezkuntza Zientzien Ministerioak izugarrizko dirutza ikasleen hezkuntzan gastatzeko? Ze etekin ateratzen dute? Benetan pentsatzen dugu erakunde pribatuek gure seme-alaben hezkuntza dutela helburu? Digitalizazioa, burokrazia jasanezina eta etengabe ezartzen ari diren metodologien inguruan goian idatzi dudana kontuan hartuz, argi dago interes bakarra ekonomikoa dela.
Irakasleok, hezkuntzaren noraeza argi eta garbi azaltzen duten hainbat adibide identifikatuak baditugu, eta gehiengoan ados baldin bagaude, ñabardura txiki batzuekin, zein da orduan elkar ez ezagutzeko, gure artean ez biltzeko eta adostasunetara ez heltzeko zergatia edo aitzakia?
Gure ikasleen hezkuntzarako eskubidea bermatuko duen eskola nahi dugulako!
Izan ontsa, HezkuntzArtea!
Unai Alaña Calleja, irakaslea