Duela hilabete hezkuntzari buruzko eztabaida piztu zen Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak ateratako agiriaren harira. Ondoren etorri zirenak sare sozial eta egunkarietan irakurri genituen. Eztabaida haietan parte hartu zutenen gehiengoa espektro politikoan ezkertiarreko zirela esango nuke. Jakina da diru publikoz enpresa edo ikastetxe pribatua laguntzeko sistema honek EAJ,Geroa Bai, PSE/PSN, Na+ eta PPren babes osoa duela. Hauen artean ez dago eztabaidarik, bai ordea ezkerreko sektore zabal batean. Hezkuntzarako itunpeko sistemak egoteak kontraesan handiak eragiten dizkigulako.
Eztabaidak hari asko zeuzkan/dauzka, baina bati tira egitearren eta eztabaidari datuekin laguntzeko asmoz, segregazio ekonomikoarenari tirako diot. Berriki, Esade eta Save the Childrenek Espainiarako egin duten azken ikerketaren arabera segregazio ekonomikoari dagokionez txapelduna Madril da, EAE 2. dago eta Nafarroa 7. Aldiz, hezkuntzan sistema publikoa duen garrantziari buruzko datuetan EAE (%51rekin) eta Nafarroa (%64ko tasarekin) azken postuetan daude. Motzean esanda, gurean eskola itundu asko eta segregazio ekonomiko handiena duten hezkuntza sistemak dauzkagu.
"Publikotasunaren izaera ezbaian jartzen dugu, hezkuntzarako bereziki, sozialismoa helburu dugula esaten dugun bitartean"
Datu hauek gainera tranpa txiki bat dute. Ikastetxe publiko guztien media egiten da herri/auzoan konpetentzia izan edo ez. Hortaz, eskola publikoa bakarrik dagoen herrietako datuak beste ikastetxe mota batzuen konpetentzia duten herrietako eskola publikoetakoekin batzen dira. Horrek esan nahi du konpetentzia dagoen herrietan sareen arteko tartea oraindik ere handiagoa dela. Konpetentzia dagoen herrietariko askotan gainera EH Bilduk gobernatzen du eta eskola publikoarekiko jarrera beste alderdiena bezalakoa edo zenbaitetan okerragoa ere izaten ari da.
2015etik 2019ra ikasleen arteko segregazio ekonomikoa handitzen jarraitzen duen bitartean, ezker abertzalekook ekidistantzia neurtu batean jarraitzen dugu egungo eredu segregatzailea sustengatuz. Diru publikoa hezkuntza itunetan xahutzen jarraitzen dugun bitartean, (623+139=762 milioi euro urtero), “Non dago diru publikoa?”, galdetzen diogu gure buruari. Publikotasunaren izaera ezbaian jartzen dugu, hezkuntzarako bereziki, sozialismoa helburu dugula esaten dugun bitartean. “Ongi etorri Errefuxiatuak” banderola jarriko dugu balkoietan, baina baliabide ekonomiko gutxiko euren seme/alabak gureekin ez nahasteko egiturak mantenduko ditugu.
Ezkerreko alderdi batek sistema publiko guztiaren alde egin behar luke. Osasungintzan adibidez, Osasunbidea/Osakidetzaren alde egiten da inolako zalantza/abizenik gabe. Zergatik ezin da hezkuntzan berdina izan? Zergatik sustengatzen dugu gizartean arrakala hau sortzen duen sistema?Zergatik ezin dugu Ezker Abertzalean Euskal Eskola Publikoaren alde egin?