Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Nafarroako Legebiltzarreko Eskaeren Batzordeak talde parlamentario guztiei eskatuko diete Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 gurasoen plataformak lan-mahai batera gonbida ditzan haien aldarrikapenak azaltzeko. Europar Batasunak foru Gobernuari gomendatu dion ratioen murrizketa nabarmena aintzat hartzea eskatuko dute, lege berri bat abian jartzeko asmoz.
Arazoa “larria” dela diote gurasoek. Esate baterako, Lehen Hezkuntzan irakasle bakoitzeko gehienez 20 ikasle izatea aholkatzen du Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sareak, baina Nafarroan ziklo honetan 25 ikasleko gelak topatzea ohikoa da. Pasa den urriaren 29ko irakasle greba eta gero, Hezkuntza Departamentuak 23 ikasleko sabaia proposatu du. Horrela “nola gauzatuko dute beren lana irakasleek?”, galdetzen du Ratioak Jaitsi Plataformak Nafarroako Arartekoari bidali zion idatzi batean.
0-3 urte bitarteko hezkuntzan ratioaren arazoari beste bat gehitzen zaio: ziklo hau ez da unibertsala eta itxaron zerrenda dago. Gainera, kasu honetan ere lan-baldintzen eta, hortaz, arreta baldintzen ezegonkortasuna salatzen dute, haien iritziz ezinezkoa baita jakitea “eskola nork kudeatuko duen, Nafarroako Gobernuak, udalak edo haiek azpikontratatutako enpresaren batek”.
Horregatik guztiarengatik, zuzenean parlamentariei interlokuzioa egiteko aukera eskaintzen duen Legegintzako Herri Ekimenaren tresna erabili dute euskal eskola publikoko gurasoen Sortzen elkarteak eta Ratioak Jaitsi 0-18 plataformak. Honen bidez, haien eskakizuna derrigorrez mahaigaineratu behar izan dute legebiltzarrean, alderdi jakin batek proposatu beharrik gabe.
Sorpresarik ez balego eta alderdiek gaur eman duten hitza mantenduko balute, gurasoek ez lukete arazorik izango haien aldarriak Hezkuntza Batzorde batean aurrez-aurre azaldu ahal izateko. “Egokia ikusten dugu herritarrek zuzenean horrelako eskakizuna egitea parlamentuari eta interesgarria iruditzen zaigu sindikatu eta adituez gain gurasoak ere entzun ahal izatea”, nabarmendu du EH Bilduko Eneka Maizek. PSN, Geroa Bai, PP, Contigo-Zurekin eta Vox ere harekin ados agertu dira Eskaeren Batzordean. UPN ez da bertan izan. Orain talde parlamentariei dagokie Hezkuntza Batzorderako gurasoen plataformak deitzea agerraldia egin dezaten.
Ratioen foru legea helburu
Sortzenetik eta Ratioak Jaitsitik ez dute Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria bezalako politikarien borondate politikoaren menpe egon nahi. Izan ere, 2010. urtetik %20ko galera izan duten irakasleen soldatak igotzea, eskola orduak astean ordubete murriztea eta ziklo guztietan ikasle ratioa jaistea “milioi askoko gastu onartezina” dela esan zuen Gimenok SER irratian 2024ko urtarrilaren 22an; horrekin gurasoen plataformak sutan jarri zituen.
“Ratioen inguruko foru lege bat exijituko dugu, Nafarroako Gobernua edozein dela ere arauak errespeta ditzan”, azaldu du Laura Pérez Ratioak Jaitsi gurasoen plataformako kideak. “Etengabe ikusten ditugu politikariak sindikatuekin negoziatzen, baina guk behin-betiko bermea nahi dugu”, azpimarratu du.