argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntzako hizkuntza ereduak eskubideak direla aldarrikatu dute
  • Ikasketak amaitzean, euskaraz, katalanez eta galegoz jakitea bermatzen ez dela azpimarratu dute Euskaltzaindiak, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galega erakundeek ateratako adierazpen bateratuan.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 11
Argazkia: Real Academia Galega

Berezko hizkuntza era ofizialean onartua duten erkidegoen hezkuntza sistemaren hizkuntza araudia erkidego horietako bakoitzaren eskumen esklusiboa dela esan dute adierazpenean. Hizkuntza akademien arabera, lekuan-lekuko bi hizkuntza ofizialen ezagutza bermatu beharko litzateke, euskaraz, katalanez eta galegoz hitz egiteko gaitasuna gaztelaniaren parekoa izateko. Hizkuntzen etorkizuna bermatzeko, hezkuntza sisteman hiru hizkuntza hauen presentzia “sendoago” bat ezinbestekoa da.

Gaztelaniaren eskubideak zeharo bermatuta daudela hizkuntza eredu guztietan azpimarratu dute, baina euskara, katalana eta galegoaren kasuan aldiz ez dira bermatzen eskubide hauek. Adierazpenean azpimarratzen dutenez, Espainiako Estatuak hizkuntz aniztasuna "sustatu beharreko aberastasun moduan" hartu beharko lukeela eta ez ezabatu beharreko arazo moduan. Euskaltzaindiak, Institut d’Estudis Catalans eta Real Academia Galega erakundeak prest daude eztabaidan parte hartzeko, elkar errespetatzeko eta hizkuntza-komunitateen arteko bizikidetzarako "onuragarria" izango den ariketan.