argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntzak grebei berrekingo die, sindikatuak zatituta: zer lortu da eta zer ez?
  • Lan baldintzak hobetzea aldarri, EAEko eskola publiko ez unibertsitarioko langileak grebara deituta daude asteazken eta ostegun honetan, baina bitxia da panorama: ELA, LAB eta STEILASek irakasleak grebara deitu dituzten bitartean, Haurreskolak Partzuergoko, Heziketa Bereziko eta sukalde eta garbiketako langileak STEILAS eta ELAk deitu dituzte, ez ordea hiru kolektibo horietan gehiengoa duen LAB sindikatuak. Negoziaketetan lortu denaz eta falta denaz iritzi kontrajarriak dituzte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko martxoaren 13a

Ezagunak zaizkigu sindikatuek irakasleen kolektiboarentzat dituen eskaerak: hezkuntza inbertsioa gutxienez Europar Batasuneko batez bestekora handitzea; ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea; gutxienez 2.000 langile gehiago hartzea; gelako ikasle kopurua %10era jaistea; ordezkapenak lehen egunetik egitea… Baina Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko negoziaketek ez dute fruiturik eman eta irakasleak grebara deituta daude martxoaren 14 eta 15ean. Negoziaketek hobetu ezean, gainera, apirila bukaeran irakasleen astebeteko greba aurreikusi dute sindikatuek.

Batasun sindikala, apurtuta

Beste hiru kolektiboetan (Haurreskolak, Heziketa Berezia, eta sukaldea eta garbiketa), mobilizazioak bertan behera uztea erabaki du LABek (sindikatu hau lehen indarra da hiruretan), negoziaketetan horretarako moduko lorpenak egin direla iritzita. Halere, sektore horietan lan baldintzak hobetzen jarraitzeko borrokari eutsiko diotela dio sindikatuak, baina “zintzilik gelditutako edukiak Mahai Orokorrean argitzekoak direla uste dugu”. ELA eta STEILASek haserre hartu dute LABen hautua, “tamalgarria”, “ulertezina” eta “arduragabea” delakoan: leporatu diote sindikatuen aldarrikapenei erantzuten ez dien akordioa sinatzea, sektore guztietako aldarrikapen adostuak kontuan ez izatea eta batasun sindikala apurtzea.

Lortu denaz eta falta denaz iritzi kontrajarriak

Haurreskolak Partzuergoan lortu da, esaterako, haurreskoletan lan egindako orduek hezkuntza publikoko irakasleen baremazioan puntuatzea, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea eta haurreskola guztietan 8 orduko zerbitzua eskaintzea. STEILASek, ordea, nabarmendu du akordioa “0-3 etaparen pribatizazioan beste urrats bat ematea” dela, “ehunka lanposturen galera” dakarrela eta ez dituela lan baldintzak hobetzen. ELAk gehitu du, besteak beste, haurreskolen doakotasuna lortzeko edota hezitzaileen artean dagoen %41eko behin-behinekotasuna jaisteko Jaurlaritzak ez duela proposamenik egin eta ratio-irizpide hobeak ezartzeko ere ez dela neurririk zehaztu.

Heziketa Berezian, LAB eta CCOO izan dira akordioa sinatu dutenak. LABek nabarmendu du, adibidez, “historikoak izan diren hiru aldarrikapen” lortu direla: fisioterapeuta, lan terapeuta eta gizarte langileen ordainsariak maisu-maistrenekin parekatzea; asteko jarduna zehaztea; eta garraioa euren funtzioetatik kentzea. STEILASek dio jarritako azken alegazioetatik bakar bat ere ez diola onartu Jaurlaritzak, eta ELAk uste du akordioak ez diola heltzen sektorearen arazo larrienei: hala nola, ia urte osoa lan egin arren ordezkoek uda kobratzeko eskubiderik gabe jarraituko dutela, hezkuntza laguntzaile espezialistek hezkuntzako batez besteko soldatako baino %22 gutxiago kobratzen jarraituko dutela, lan kargen hazkundeari erantzuteko neurrik ez dela hartu, 300 lanpostu inguru modu irregularrean mantentzen direla, garraioa espezialisten funtzio gisa definitzen dela…

Azkenik, sukalde eta garbiketako langileen akordioarekin bat egin dute LAB, CCOO eta UGTk. LABek dio “kolektiboaren pribatizazioa ekiditen” dela, baita 30 lanpostu gehiago txertatuko direla ere, lanpostu zerrendan dauden jardun partzialeko plazak osoak bihurtuko direla, laguntzak jarriko direla dieta eta bazkalkide kopuruaren arabera, eta egonkortasuna erraztuko dela. ELArentzat, ordea, sektorearen %90 pribatizatuta egonik, akordioak ez du gainerako %10aren pribatizazio arriskua ekiditeko inolako neurririk planteatzen eta behin-behinekotasuna ez du %63tik jaisten. Funtzioen errekonozimenduak ekarri beharko lukeen kategoria aitortzarik ere ez dagoela azpimarratu du ELAk, besteak beste.