argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntzak “euskara gehiago” behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa abiatu du Kontseiluak
ARGIA @argia 2023ko irailaren 13a
Euskalgintzako Kontseiluko ordezkariak, hainbat gizarte eragilerekin batera emandako prentsaurrekoan / Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

"Azken hamarkadotan urratsak egin dira euskararen normalizazioan, eta hezkuntza komunitatea izan da horien zutoin nagusietako bat", azaldu du Kontseiluak. "Baina oraindik ere euskarak egoera gutxituan jarraitzen du, eta beraz, berdintasuna helburu, euskarak neurri proaktiboak behar ditu, ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa. Horregatik, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan arrakasta gehien izan duen hezkuntza-eredutik abiatu behar da etorkizuneko arautegia; alegia, euskara ikas- eta irakats-hizkuntza duen eredutik. Beraz, euskarak behar du izan hezkuntza-sistemako hizkuntza normalizatua. Halaber, euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza-proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak berak. Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria".

"Eta, noski ez dago hizkuntza ulertzerik horri lotzen zaion kultura alboratuta", gaineratu du. "Kultura ere eskubidea da, eta kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte-kohesiorako elementua baita".

Ikas-komunitateko hainbat guraso, langile, ikasle eta irakasle bildu ditu sinadura bilketa aurkezteko prentsaurrekoak, baita Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi, HEIZE, STEILAS, LAB eta ELAko ordezkariak ere.

"Sinadura bilketa honen bidez Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiei zabaldu nahi diegu hezkuntzak euskara gehiago behar duela adierazteko eta aldarrikatzeko bidea", Kontseiluak dioenez. Eusko Legebiltzarreko kideei eskatuko zaie lege berrian hiru puntu jasotzeko:

1. Euskara ikas- eta irakats-hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.

2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.

3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Sinadura bilketa urriaren 15era arte luzatuko da. 16 urtetik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek sinatu ahal izango dute, presentzialki –sinatzeko jarriko diren mahaietan–, zein www.euskaragehiago.eus webgunean.