argia.eus
INPRIMATU
Eva Pelaez, aholkularia
“Hezkuntza sistemari erantzuna ematen ari gara, ez pertsonei”
  • Aiurri aldizkariak argitaratu duen elkarrizketa honetan, Ainhoa Gil kazetariak Eva Pelaez hezkuntza aholkulariari pausatu dizkio koronabirusa dela-eta eskola etxetik jarraitzeari buruzko galderak. Pel-ez Andoaingo Guna zentroko kidea da, eta hezkuntza arloan baliabideren baten beharra duten familia, ikasle eta irakasleei zuzenduta dago Guna.

Aiurri aldizkaria @@Aiurri Ainhoa Gil Ugartemendia 2020ko apirilaren 20a

Alarma egoerak erabateko aldaketa ekarri du ikastetxeen egunerokoan, baita ikasle eta familienean ere.

"Autonomia, errutinak, konfiantza lantzeko unea dela esaten dute, baina horretarako, aurretik egindako lanketa behar da"

Egoera ezohiko honetan, hezkuntza sistemak ekoizten jarraitu du, produkzioa ez da eten. Beste hainbat jarduera bertan behera geratu badira ere, hezkuntzak bere prozesuan jarraitu du eta horretan murgildu dira ikasle, irakasle eta familiak. Funtzioak, ordea, aldatu egin dira. Eraldaketa horretan, guraso, irakasle eta ikasle askok badute prozesu horretan murgiltzeko trebetasuna. Baina beste asko, lehen ere egoera zaurgarrian zeudenak, are eta egoera zaurgarriagoan geratu dira orain. Autonomia, errutinak, konfiantza lantzeko unea dela esaten dute, baina horretarako, aurretik egindako lanketa bat behar da eta hori ez dago bermatua.

Hezkuntza martxan dago, baina on line ari dira adin guztietako haurrak. Hori egunerokotasunean sartzea zaila da eta zenbait etxetan krisi egoeran sartzen ari dira eta tentsio handia dute. Familia askotan ez dago baliabide teknologikorik, haien haurrek, ezta gurasoek ere, ez dute trebetasunik. Orain arte estalia zegoen errealitate hori agerian geratzen ari da orain.

Zein iritzi duzu hezkuntza sistemak egoera honetan hartu duen bidearen inguruan?

"Ez dezagula galdu... baina galdu, zer? Egoera honek bizipen asko eskaintzen digu ikasgai modura"

Kritikoa izanda, sistemari berari erantzuna emateko modua aurkitzen saiatu direla esango nuke, ez pertsonei. Edukiak landu, azterketak edo ebaluaketak egiteko prestatu, eta aurrera. Ez da, ordea, irakaslegoaren edota ikaslegoaren premiei erantzuna emateko modu egokia. Guztiak ahalegin handia egiten ari badira ere, partxeak jartzen ari garela iruditzen zait. Gauden egoera guztiz ezohikoa da, hori objektiboki onartu ez, eta nolabait jarraitu egin du sistemak. Ez dezagula galdu, baina galdu, zer? Egoera honek bizipen asko eskaintzen digu ikasgai modura.

Zein izango litzateke, orduan, irtenbidea?

Momentu honetan, zein egoeratan gauden erakutsi behar diegu gure haur eta gazteei, zergatik egon behar dugun etxean, zer egin dezakegun…, eta egoera honetan sortzen zaizkigun emozioak kudeatzen erakutsi. Ikasgai handia dugu parean egoera honetatik eratorria, baina horrek patxada eskatzen digu. Gelditu, pentsatu, barneratu eta aurre egiteko baliabide berriak sortu.

"Ikasle askorentzat une honetan erreferente orekatuena irakaslea izan daiteke"

Gure bizitzan garrantzizkoa zer den ikusteko momentua da, balkoira atera eta naturaren hotsak entzutekoa, udaberria usaintzekoa…, eta egoerak berak sortzen dizkigun emozio ezberdinak antzeman eta kudeatzen irakatsi-ikasi... Ez dugu momentu hoberik aurkituko, trebetasun pertsonalak eta bizikidetza lantzeko, familian, bizilagunen artean, lagunartean, hezkuntza komunitatean... Ikasleei deitu, haiekin hitz egin, zer moduz dauden eta nola sentitzen diren galdetu..., irakasle-ikasle harremana sendotzeko aukeratzat erabiliz. Ikasle asko egon daiteke une honetan erreferente orekatuena irakaslea izango duena, eta izugarri eskertuko lukeena haien deia. Une honetan, hezkuntza baliagarri bihurtuko litzateke familia eta ikasleentzat euskarri izanez. Sistema eraldatu eta beharretara egokitu behar da horretarako.

Eta eginkizun hau betetzeko, hezkuntzak baliabide pedagogiko ugariz hornituriko ejerzito profesionala dauka bere agindupean. Eraldatzeko eta egoera honetara egokitzeko gaitasuna duen ejerzito horri edukiaz gain, trebetasun pertsonalak lantzeko agindua emango balie, ikasle zein familien benetako bidelagun izango litzateke.

Elkarrizketa osorik, Aiurrin irakurgai.