Martxoaren 30eko greba egunean, Ikasle Abertzaleek deitutako manifestazioek kaleak hartu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, "Enpresarien hezkuntzaren aurrean, ikasle langileok borrokara" lelopean.
Milaka ikasle kalera atera dira martxoaren 30eko ikasle greban, Ikasle Abertzaleek deituta. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazioak egin dituzte, hezkuntza enpresarien eskuetan dagoela salatzeko. "Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" izango den hezkuntza sistema sozialista aldarrikatu dute.
Ikasle greba ikastetxe, unibertsitate eta lanbide heziketan antolatu dute. Leku horietan guztietan egindako "lan militante ikusgarria" azpimarratu du antolakundeak. Mobilizazioen balorazioan azpimarratu duenez, "ikasleriari antolakuntza politikoaren beharra eta eraginkortasuna" erakutsi dizkio egindako lanak. Horren adibidetzat jo ditu askatasun politikoen urraketak edo greba eskubidea ukatzea.
IAk adierazi du hezkuntzan militantzia politikoak "jazarpen itogarria" jasaten duela. Grebaren aurrelanketan, Gasteizko campusean ikasle bat atxilotu dute eta hainbat kide identifikatu dituzte beste campusetan ere. Horiez gain, zentro eta unibertsitateetako "presentzia polizial itogarria, zuzendaritzen mehatxuak, zigor diziplinatzaileak eta ikastetxeetako kanporatuak" ere salatu ditu. Horren aurrean, ikastetxeetako zuzendaritzei eta EHUri eskatu dio askatasun politikoak errespetatzeko. "Badakigu eskubide politikoak borrokaren bitartez soilik bermatzen direla, eta bide horretan berresten gara".
Adierazi dute azken urteetako mobilizazio handienetakoak izan direla ostegunekoak, eta horren aurrean prentsa eta komunikabideen izandako isiltasuna salatu eta "indar politiko erreal baten oihartzuna apaltzeko ahalegina" izan dela azaldu dute.