Heziberriren aitzakipean LOMCE aplikatzen ari da Eusko Jaurlaritza, HPTren arabera. Hauteskunde kanpaina probestuz, galdera sorta luzatu die alderdiei.
“Gure hezkuntza inbertsioa kontsideratzea nahi dugu, ez gastua. Gure eskola Euskal Herriaren aniztasunaren eredu izatea nahi dugu, ez ghettoen sorleku. Gure eskola pedagogikoki aurrerakoia izan dadin nahi dugu, eta ez edukiak barneratzen dituzten roboten sortzaile”. Kalitatezko Hezkuntza Sistema Propio baten bidean, “gaur arte Lakuatik eraman diren politikak erabat aldatu” behar direla uste du Hezkuntza Plataformen Topaguneak.
HPTren esanetan, “Eusko Jaurlaritza LOMCE aplikatzen ari da Heziberriren aitzakipean”, eta horri aurre egiteko datorren legegintzaldia “hezkuntza akordioen aroa” izan dadin eskatu dute, eta ez hezkuntza sailaren aldebakarreko erabakiena”.
Bide horretan, inoiz LOMCEren aurka agertu diren alderdi politikoak interpelatu ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Alderdi horietako batzuk hezkuntza erreformaren aurkako mozioak babestu dituzte zenbait herritan. Hala, EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Ahal Dugu eta EH Bilduri zazpi galdera luzatu dizkie HPTk:
Hezkuntza komunitatearekin elkarlanean arituko zarete LOMCEren ez aplikaziorako?
Zer egingo duzue LOMCEren aurrean planto egingo dugun ikastetxe, familia eta ikasleekin?
LOMCEren aurrean aktiboa izango zarete?
Zein da Heziberrirekiko zuen jarrera?
Ebaluazioari dagozkion Heziberri dekretuak bertan behera utziko dituzue?
Hezkuntza sistema propio baten alde zaudete?
Nola garatu?