argia.eus
INPRIMATU
“Hezkuntza sistema propioa” aldarrikatzeko mobilizazio egun nazionala azaroaren 28an
  • Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituta, hainbat ekitaldi egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. LOMCEren “inposaketa” salatu, eta “hekuntza eredu propioa” eraikitzeko asmoa erakutsiko dute.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 27a
2014an Bilbon egin zen manifestazioa.

Hasteko, Iruñean asanblada irekia eta elkarretaratzea egingo dituzte 10:00etan, Biurdana Ikastetxean. Ondoren, 17:00etatik aurrera, kalejirak izango dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen. “Lau hiriburuetako kaleak alaitasunez eta aldarriz beteko ditugu, egungo inposizioak salatu eta etorkizunari begira jartzeko”, azaldu dute Hezkuntza Plataformen Topagunetik.  

Badaude alternatibak

“Aukera berdintasunean” oinarrituta, ikasleak “hezkidetzan” heziko dituen “sistema propioa” abiatzea beharrezkotzat jotzen dute. “Eredu hori txikitik handira eraiki nahi dugu, herriz herri, ikastetxeez ikastetxe”. Horren harira, azpimarratu dute alternatibak badaudela, eta horiek garatzea posible dela, “Bilboko Alternatiben Herrian ikusi ahal izan zen bezala”.

Iragan ikasturtean hainbat ikastetxek LOMCEren aurka harturiko jarrera ere alternatibak daudenaren erakusletzat jotzen dute. Azaldu dutenez, hezkuntza komunitatearen elkarlanari esker azterketa “atzerakoi, inposatu eta antipedagogikoei” planto egitea lortu zuten. “Aurten ere horretara goaz”.

“Ez dugu ez LOMCErik, ez berau aplikatzen duen ‘Heziberri’-rik nahi. Egungo eredu arrotza gainditu eta gure hezkuntzaren gaineko erabakiak guk geuk hartu nahi ditugu, gure ikastetxe eta herrietatik. Bada, azaroaren 28an kalera irten eta gure hezkuntza sistema eraikitzeari ekingo diogu”.

Mobilizazioen inguruko informazio guztia  Hezkuntza Plataformaren Topagunean webgunean aurki dezakezue.