argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza sistema propioa aldarrikatuko dute urriaren 11n Hego Euskal Herriko hiriburuetan
  • Hezkuntza arloko hainbat eragilek mobilizazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean urriaren 11n, “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketei ez!” lelopean.

Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 23a
LOMCEren kontrako manifestazioa Bilbon (argazkia: EiTB).

Ikasle Abertzaleak, Sortzen, Udako Euskal Unibertsitatea, Hik Hasi eta Hezkuntza Plataformen Topaguneak eta ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek deitu dituzte manifestazioak, LOMCEren aurrean hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.

 “LOMCEri ez esaten diogunean azken hamarkada luzeetan inposaturiko hezkuntza lege eta erreformei ezetz esaten diegu ere”, salatu dute. Hezkuntza erreforma “ikasleentzat, hezkuntzako langileentzat zein herritar guztientzat” kaltegarria dela adierazi dute, eta horregatik, eragile guztien “inplikazioa eta konpromisoa” eskatu dute honi aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko hezkuntza sailen jarrera kritikatu dute ere. Jaurlaritzarena LOMCEren aurkako neurriak ez hartzeagatik, eta Nafarroako Gobernuarena “erreforma basati hau aplikatzen aitzindari” izateagatik, Berriak jaso duenez.

LOMCEri aurre egiteko gida

Gure gidak hezkuntza erreformari aurre egiteko gomendioak biltzen ditu. Hezkuntza komunitateak egindako ekarpenak jaso dituzte gida egiteko eta ikastetxeetara zabaldu dute, orain bakoitzak bere gida propioa osatu dezan.

Hainbat ikastetxe, herri eta eskualdetan LOMCEren aurkako 40 plataforma inguru sortu direla jakinarazi dute ere.

Mikel Garciak Gure Gidaren nondik norakoak bildu ditu erreportaje honetan.