argia.eus
INPRIMATU
“Hezkuntza sailburuaren determinismo teknologikoak kezkatzen gaitu: bai ala bai sartu behar da, modu akritikoan”
  • Teknologien erabilera eztabaidatzen ari dira Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta horretarako hainbat aditu eta eragile ari dira batzordean beren ekarpena egiten. Ikastetxeetan mugikorra debekatzeko araudi orokorra eskatu duen Altxa Buruako arduradun taldearekin hitz egin dugu: “Hezkuntza Sailak argudiatzen du goitik beherako neurri batek ez lukeela eraginik izango, baina goitik beherako beste neurri asko hartzen ditu”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko otsailaren 13a
"Eskolan konpetentzia digitalak landu behar dira, bai, baina ezberdina da gainerako ikasgaiak digitalki irakastea". Altxa Burua

Zergatik behar da dekretu bat, ikastetxe guztietan mugikorra debekatuko duena?

Datuek erakusten dutelako mugikorrik gabeko eskolek ikasketa eremu hobeak ahalbidetzen dituztela, arretari, segurtasunari nahiz ziberjazarpenari begira, eta araudi orokorrik gabe, ikastetxe batzuek eta besteek araudi ezberdina izateak ekartzen duelako arreta gaitasuna mantentzeko edo ziberjazarpena pairatzeko aukera ezberdina dela ikastetxearen arabera, eta hori ez da bidezkoa. Gainera, zaurgarrienak izan ohi dira kaltetuenak, baliabide eta ezagutza gutxien dituzten familien testuinguruan egin ohi delako mugikorraren kontsumo altuena, eta beraz eurak dira gehien behar dutenak eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea. Badakigu mugikorren gaia ez dela eskolara mugatzen, familiok ez diogu uko egiten gure erantzukizunari, baina nahi dugu hezkuntzak ez dezala arazoa elikatu, baizik eta izan dadila konponbidea.

Aldiz, erabakia ikastetxe bakoitzaren bizkar utzi du Hezkuntza Sailak.

Eta nola eskolak erabaki duen, zerbait gaizki ateratzen bada eskolaren errua da. Jokaldia hori da. Beste inon ez da halakorik egin: Frantzian, Herbehereetan, Italian, Espainiako erkidego guztietan… eskatzen dugun dekretua atera dute. Izan ere, ebidentzia zientifikotan oinarritzen bagara, ez dago justifikatuta mugikorra ikastetxeetan baimentzea. Murtzian esaterako, dekretuz ezarri eta urtebetera egin duten azterketan ikusi dute eskolan ematen den ziberjazarpena %73 gutxitu dela; Galizian, dekretua ezarri ostean errendimendu akademikoan hobekuntzak nabari dituzte (matematikan 10 puntu gehiago, zientzietan 12). Beti gaude justifikatzen zergatik utzi mugikorrak kanpoan, baina galdera alderantziz balitz, zergatik sartu mugikorrak eskolan, ez dago inongo ebidentziarik mugikorrek hezkuntza sistema hobetu dutela erakusten duenik, justu kontrakoa.

"Familiok ez diogu uko egiten gure erantzukizunari, baina nahi dugu hezkuntzak ez dezala arazoa elikatu, baizik eta izan dadila konponbidea"

Hezkuntza Sailak prozesu bat jarri zuen martxan, eskola bakoitzak erabakitzeko mugikorrekin zer egin. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren arabera, ikastetxe gehienetan erabaki dute mugikorra debekatzea.

Emandako datuetan gardentasun falta ikusten dugu, edo behintzat uste dugu ez direla datuak behar bezala adierazi. Esan dutenez, Lehen Hezkuntzan ikastetxeen %85ak debekatu du mugikorra, normalean Lehen Hezkuntzan ez baitago mugikorrik, eta DBHn %50ak debekatu du, baina irizpideak ez dituzte azaldu: debekua da mugikorrik ezin dela ikastetxean sartu? Eraman bai baina erabili ez? Erabilera pedagogikorako baino ez?... DBHn debekatu ez duen %50 hori nola ulertu behar dugu: mugikorra libre ikastetxean? Erabilera mugak dituzte (patioan, esaterako)? Soilik erabilera pedagogikorako darabilte?... Dekretuak, adibidez, lagunduko luke irizpide batzuk finkatzen.

Zer argudiatzen du Hezkuntza Sailak dekretua ez ateratzeko?

Argudiatzen du goitik beherako neurri batek ez lukeela eraginik izango. Batetik, badirudi Hezkuntza Saila onartzen ari dela bere erabakiek ez dutela eraginik, eta bestetik, nahiko argudio selektiboa da, goitik beherako beste neurri asko hartzen baititu.

Behetik gora egin behar dela, familiekin adostuta, oso argudio salgarria izan daiteke, baina hain justu testuinguru zaurgarrienean eta sozioekonomikoki zailenean daudenak izan ohi dira instituzioen laguntza gehien behar dutenak, eta horiek dira, lehen aipatu dudan moduan, neurria gehien behar dutenak. Gainera, behetik gorako bide hori, eskolaz eskola profesional eta familiak kontzientziatzeko prozesu hori, teorian egin da jada, Hezkuntza Sailak aginduta. Hortaz, behin kontzientziazio prozesua egina omen dagoen honetan, zerk oztopatzen du dekretua ateratzea?

"Ez gaude teknologiaren kontra, garapen osasuntsu baten alde gaude, eta horretara egokitu behar da teknologiaren erabilera ere"

Teknologiaren erabilerarekiko ikuspegi kritikoa falta zaio Hezkuntza Sailari?

Bai. Altxa Buruan eskolen digitalizazioaren alde gaude, baina digitalizazio osasuntsua, librea (software libreduna) eta ebidentzietan oinarritua. Ez gaude teknologiaren kontra, garapen osasuntsu baten alde gaude, eta horretara egokitu behar da teknologiaren erabilera ere. Osasunaren ikuspegitik adibidez, bai Osakidetzak bai Espainiako Estatuko Pediatria Elkarteak egina dauka proposamena: 0-6 urteko haurrei pantailarik ez eskolan, Lehen Hezkuntzan gehienez ordubete egunean, eta DBHn gehienez bi ordu. Osasun irizpideak dira, baina hezkuntzan are zorrotzago jarri beharko ginateke, mugikorrak kalterik egingo ez duela bermatzeaz gain, balio erantsi bat ekarri behar diolako ikas-prozesuari.

Administraziotik esan izan digute ezin dutela teknologiaren kontra joan. Inor ez dago teknologiaren kontra, baina badago teknologia bat gure zerbitzura dagoena eta beste bat bere zerbitzura nahi gaituena, haien menpeko. Are, teknologia aditu asko dago Altxa Buruan, eta hain justu teknologia ongi ezagutzen dugulako dugu harekiko ikuspegi kritikoa.

Eusko Jaurlaritzak asko inbertitu du eredu jakin bati erantzuten dion digitalizazio prozesuan. Mugikorra ez debekatzeak izan dezake zerikusirik horrekin? Kezka izan dezake, egiten ari diren eskoletako digitalizazioaren kontrako korronteak indarra hartuko ote duen?

Agian. Gure kezka da Hezkuntza sailburuak askotan erakutsi duen determinismo teknologikoa: bai ala bai sartu behar da, eta modu akritikoan. Baina hain justu, teknologia erabili behar da modu oso kritikoan. Zergatik uzten ditu multinazional batek bere produktu guztiak hezkuntza sistema baten zerbitzura “doan”? Halako gogoetak beharrezkoak dira.

Eskolan konpetentzia digitalak landu behar dira, bai, baina ezberdina da gainerako ikasgaiak digitalki irakastea, zeren memoria, arreta, ulermena, pentsamendu abstraktua… hobe lantzen dira analogikoki.

"EAJko bozeramaileak onartu du gauzak ez direla ongi egin; konturatzen ari dira azken hamarkadan hartu dituzten erabakiak ez direla egokienak izan, meloi handi bat dutela orain mugikorren gaiarekin"

Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean gaia mahai gainean da berriz. Dekretua ateratzeko aukerarik ikusten duzue?

Gure esperantza da ezberdintasun politikoak alde batera utzi eta ikasleen beharrak eta ongizatea erdigunean jarriko dituztela. Pasa den abenduan ere, Altxa Burua Legebiltzarrean izan zen, dekretua eskatzeko 20.000 sinadurak aurkezten, eta EAJrengandik jarrera itxia jaso genuen, entzuteko inongo asmorik gabe. Oraingo honetan, ordea, tonu aldaketa nabaritu dugu, EAJko bozeramaileak onartu du gauzak ez direla ongi egin, eta nahiz eta itsututa ikusten ditugun dekretua ez onartzearekin, konturatzen ari dira azken hamarkadan hartu dituzten erabakiak ez direla egokienak izan, meloi handi bat dutela orain mugikorren gaiarekin.

Altxa Burua olatu indartsu bilakatu da.

Ehun talde baino gehiago gaude Euskal Herrian, eta zabaltzen ari gara. Polita da ikustea, esaterako, guraso elkarteetatik harago ikastetxeak eurak ari direla batzen gure proiektura, izan eskola publiko, ikastola edo kristau eskola.

Lau helburu ditugu: seme-alabek mugikorra izateko adina atzeratzea, behin mugikorra ematerakoan nerabeak hezi eta haien bidelagun izatea, eskolak mugikorrik gabeko arnasgune bihurtzea, eta digitalizazio osasuntsu, libre eta ebidentzietan oinarritua bultzatzea.

Gurekin bat egin nahi duenak, email bidez kontaktatu gaitzake: altxaburuaaraba@gmail.com, altxaburuabizkaia@gmail.com, gipuzkoa@altxaburua.eus eta adolescencialibredemovilesna@gmail.com.