argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza sailburuak zergatik atzeratu du Lanbide Heziketako irregulartasunez eman behar zuen agerraldia?
  • Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordeak agerraldia zuten Eusko Legebiltzarrean, apirilaren 10ean. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak deitu zuen agerraldia, ARGIAk publikaturiko Irregulartasunak Lanbide Heziketaren finantzazioan? artikuluko salaketak argitu ditzaten. Agenda arazoak argudiatuz atzeratu egin dute agerraldia; “bitxia, egun berean sailburua beste gai bat azaltzera datorrenean”, adierazi du Uberak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2019ko apirilaren 10a

Azalpenak eskatzen hasi eta Iñigo Urkullu lehendakariak gai horri buruz ezer ez zekiela erantzun zuenean, “berehala ulertu genuen ARGIA zuzen ari zela bere artikuluan” dio Rebeka Uberak bere iritzi-artikuluan; “hala berretsi dugu, agerraldia atzeratu dutela ikusita. Agenda arazoak noiz arte luzatuko dira? Maiatzeko hauteskunde ostera arte? Edota gaia konpontzeko, jarraibidea aldatu, TKgune programaren dekretua onartu eta etxea ordenatzen duten arte?”, dio Uberak, araututa ez dagoena orain korrika eta presaka arautu nahiko dutela iradokiz.

Konpetentzia desleiala

Korrika eta presaka araututa ere, sakoneko gaiari heltzen dio Uberak: “Programa honek edo ezohiko finantziazio honek legeztatzeko aukera izan behar du?”, alegia zilegi da besteak beste irakasleak komertzial lanetara bideratzen dituen programa hau mantentzea eta legeztatzea? “Honi ez al zaio konpetentzia desleiala deitzen? Hau ez al litzateke LHko ikastetxeetatik ateratzen diren ikasleei lana kentzea, merke-merke? Hau guztia irakurri nuenean, ulertu nuen orain dela pare bat urte ikastetxe integratuak bilakatzeko zegoen presa, NIF zenbaki propioak izateko”.

Lanbide Heziketako sailburuordetzatik erpin anitzeko joko arriskutsua hasi dutela ohartarazten du legebiltzarkideak.

Irakurri iritzi-artikulua osorik lotura honetan.