argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Sailburuak Alarde Tradizionala bultzatzen duela salatu du Steilasek
  • “Zein mezu bidali nahi ote dio hezkuntza komunitateari, egiten diren berdintasun politiken inguruan?”. Hezkuntza arloko Steilas sindikatuak gogor salatu du Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Alarde Tradizionalaren ekitaldietan parte hartu izana.

ARGIA @argia 2018ko irailaren 06a

Steilaseko Emakume Idazkaritzak “larritzat jotzen du edozein kargu publikok bere presentziaz alarde tradizionalaren praktika baztertzaileen alde egitea. Eta are larriagoa da Hezkuntzako Sailburua izatea modu aktiboan parte hartzen duena. Hezkuntza sailburuak ez ote luke salatu beharko alarde misto eta berdinzalean parte hartzearen alde egiten dutenek jasaten dituzten erasoak? Eusko Jaurlaritzak ez  al du onartu behar Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak alarde mistoaren alde emandako epaia, ospakizun publiko batean genero arrazoiengatik ezin dela bazterketarik egin  arrazoitzen duena?”

“Alardea ez da soilik jai bat”

“Indarkeria sinboliko eta errealaz ari gara, bere puntu gorena desfilearen egunean gertatzen dena baina alarde mistoaren alde egiten dutenek urtean zehar ere jasaten dutena. Biolentzia hau, geletan, kalean, etxean, koadriletan eta bizitzako eremu guztietan islatzen da”. Ildo horretan, kezka agertu du sindikatuak, “izan ere, Alardea ez da soilik jai bat, eredu maskulino hegemonikoaren ‘auoafirmazio kolektiboaren errituala’ da (klasista, arrazista, LGTBIfobikoa…) eta tradizioa mantentzearen aitzakian gizarte heteropatriarkalaren nukleo gogorra betiko indartu egiten da”.