Gaixo kronikoak atera nahi ditu Lakuak zerbitzu eginkizunetatik, aurten horretarako propio ateratako dekretuaren aizkorarekin. Zerbitzu eginkizunen deialdiak berak esaten du osasun arazo kronikoak dituztenek lan egokitzapena eskatu behar dutela.
Mahaian bilduta egon zirenean, Hezkuntza Sailak jakinarazi zien sindikatuei egoera horretan zeuden irakasleek egin beharreko bidea: prebentzio zerbitzuetara jotzea.
Udaberriko oporretan, sendaezinak diren gaixotasunak ditugun irakasleok, txosten mediku guztiak bildu eta prebentzio zerbitzura eraman genituen. Han artatu gintuen medikuak erabaki behar du irakasle batzuk etxera hurbiltzea eta beste batzuk ez. Esan beharra dago hainbat irakasleri egokitzapena ukatu zaiola medikuak ikusi gabe.
Hezkuntza Sailak sindikatuei hitz eman zien ebazpena maiatzaren bukaeran aterako zutela, baina ez du bere hitza bete. Hogei egun beranduago, erabakiaren ebazpena atera baino bi egun arinago, esleipenen atarian egindako dei telefonikoen bitartez dator erantzuna, batzuentzat eta errekurtsorik egiteko tarterik utzi gabe. Hau ez da batere serioa.
Langile izanik, horrelako tratua merezi dugu?
"Gaixotasun kronikoak zalantzan jarri eta 'bizilekuz aldatzeko' proposamenak helarazi dizkigu Hezkuntza Sailak, zenbait erantzunen artean"
Guraso guztiak jakin beharko zenukete hori dela Hezkuntza Sailak hainbeste urtetan zuen umeen zerbitzuan eta zaintzan buru-belarri egon garen langileei ematen dien tratua eta langileak zaintzeko duen jarrera. Gaixotasun kronikoak zalantzan jarri eta “bizilekuz aldatzeko” proposamenak helarazi dizkigu Hezkuntza Sailak, zenbait erantzunen artean. Erantzun horiek guztiz desegokiak dira, eta pasa den ikasturtetik bizitzen ari garen egoera onartezina da.
Deialdi berria atera ondoren, hainbeste erreklamazio eta errekurtso jarri eta gero, irakasle asko atzera bota dira prozesuaren erdian, prozesuak korapilatsuak eta nekezak direlako eta gure eguneroko lanerako gorde behar dugulako energia hori. Gaixotasunak behartuta, mediku baja eskatzea besterik ez zaigu geratzen. Gainera, hori da Hezkuntza Sailetik "aholkatzen" digutena: “Txarto bazaude baja eskatu”, gizarte osoari ekartzen dion kalte ekonomikoarekin.
Hau irakurtzen duenari adierazi nahi diogu, egoera honetan gauden langileak ez garela baliogabeak. Osasun arazoak ditugu baina gure lana beste irakasleek bezala egiten dugu, eta lanerako egokitzapenak behar ditugu gure arazoa ez areagotzeko.
Blanca eta Amparo, ez al da hobe, gaixotasunek gainezka egin eta baja egoerak sortzera itxaron ordez, ezezkoa jaso duten irakasleen osasun egoera kontutan hartzea ?
Ez al zaigu denoi komeni gure umeen ongizatea zaintzen dugunak zaintzea?
Zuen erantzunaren zain geratzen gara.
* Idatzi hau honako irakasleek sinatu dute: Arantza Garagartza Lekube, Onintza Vara Altonaga, Amaia Bikandi, Eider Plaza, Ane Belaustegi Ibarluzea, Jaione Atxabal Zatika eta Marije Albizu.