argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Sailarekin ez dute akordiorik lortu sindikatuek
  • Unibertsitatez kanpoko EAEko hezkuntza publikoan baldintzak hobetzeko negoziaketetan, bilera egin dute apirilaren 18an Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek. LABen esanetan, administrazioak urratsak eman ditu, baina funtsezko hainbat gaitan ez. STEILASek dio Hezkuntza Sailaren proposamenak garapena eta bermeak behar dituela eta ELArentzat, euren proposamenetatik oso urrun dago Jaurlaritzaren eskaintza, eta "mobilizazio eta grebak berreskuratzea beste aukerarik ez dugu".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko apirilaren 18a

Bilera hau tarteko, datorren astean aurreikusita zuten aste osoko irakasle greba bertan behera uztea erabaki zuten sindikatuek, baina ELArentzat “onartezina da gure aldarrikapenetatik hain urrun dagoen proposamen bat ekartzea” eta ondorioz, “mobilizazio eta grebak berreskuratzea beste aukerarik ez dugu”.

ELArentzat, proposamenak “ez dio hezkuntza publikoaren egoera larriari erantzuten”

Hain juxtu, ELA mintzatu da gogorren. EPEra 500 lanpostu gehiago ateratzeko proposamena egin du Jaurlaritzak, Espainiako Estatuan sinatutako akordioa indarrean sartzera baldintzatuta. Sindikatuarentzat, “ziurra ez den neurri bat izateaz gain”, ez da nahikoa, behin-behinekoen tasa %28ra jaitsiko litzatekeelako, sindikatuek aldarrikatzen duten %6tik urrun. Langile kopuruari begira, aurreko proposamenei (tutoretza bikoitza LHn, 80 lanpostu berri Lanbide Heziketan…) beste bat gehitu die administrazioak: 3 urteko geletan irakasle erdi eta irakasle eta erdi bitarte gehiago esleitzea talde kopuruaren arabera eta 20 ikasletik gorako batez besteko ratioa baldin badago. “2010 urtetik eman den gelako ikasle ratio igoera ia bere horretan mantenduko litzateke”, dio ELAk. Ordezkapenei dagokienez, nahikoa ez den proposamena iruditu zaio sindikatuari, hirugarren egunetik aurrera egingo liratekeelako ordezkapenak DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketan, eta ez lehenengo egunetik aurrera. Eros-ahalmenaz, erretirorako pizgarriez eta bajak zigortzeaz proposamenik ez egitea ere leporatu dio Jaurlaritzari.

LABek funtsezkoak diren aldagaiak bota ditu faltan

LABek positiboki baloratu du Jaurlaritzak abendutik hona hainbat urrats eman izana, baina faltan bota dituzte haientzat “funtsezkoak diren aldagai batzuk: 60 urtetik gora irakastorduen 1/3ko murrizketa funtzionario eta ordezkoentzat bideratzea, ordezkapen guztiak kidego guztietan lehenengo egunetik betetzea, tutoretza bikoitzak etapa eta kidego guztietan ezartzea, Hezkuntza Sailak proposatzen dituen mahai tekniko horien zehaztapen handiagoa eta kronograma aurkeztea...”. Hezkuntza Sailaren proposamena aztertu eta aurrerago balorazio sakonagoa egingo duela iragarri du sindikatuak.

STEILASentzat, “Jaurlaritzaren esku dago gatazkari konponbide duina ematea”

STEILAS sindikatuak dio “hezkuntza komunitateak hasitako mobilizazio eta greba arrakastatsuek Jaurlaritza mugitzea” lortu dutela. Apirilaren 18ko bileran Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenak “garapena, xehetasunak, bermeak eta ezarpenerako egutegia” behar dituela adierazi dute eta sindikatuarentzat, “argi geratu da Jaurlaritzak nahikoa baliabide dituela gatazka konpontzeko. Beraz, bere esku dago eskola publikoak behar dituen baliabideak indarrean jartzea eta gatazkari konponbide duina ematea”.