Hezkuntza Sailak “murrizketak egiteko asmoa” omen duela hauteman dute EHIGE eta Heizek, batik bat, jantokiko arduradunen lanorduei eta aurrekontu baxua duten ikastetxeen baliabideei dagokionez.
Ikastetxe publikoetako zuzendarien eta familien elkarte Heizek eta EHIGEk salatu dutenez, “Hezkuntza Sailak ez die jaramonik egin eskola komunitateen eskaerei”. Aste honetan jasotzen ari omen dira eskaera horien erantzunak, eta “kezkatuta” daude baliabide gehiago ez dagoela ikusita. Hori gutxi balitz, “murrizketa nabariak ezarri nahi ditu Hezkuntza Sailak”, kexatu dira.
Erakundeen arabera, jantokiko arduradunen lanaldia “erdira murrizteko asmoa dute”, eta gastu gutxiago egingo dute aurrekontu murritzagoa duten ikastetxeetako baliabideetan. Horren ondorioz, “ez da egongo baliabiderik geletako ratioak jaisteko eta IKT arduradunak eta aholkulariak indartzeko”, ohartarazi zute EHIGEk eta Heizek. Asmoa bertan behera uzteko eskatu diote Hezkuntza Sailari, eta Ordezkaritza Organo Goren guztiak barnebilduko dituen kanpaina bat abiatuko dute, Hezkuntza Sailari ikastetxeen eskaerak kontuan har ditzan eskatzeko.
Konfinamenduaren ondorioei erantzuteko, datorren ikasturera begira “baliabide gehiago beharko direla” aurreikusten dute. Hori aplikatzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari azken aldian. Euren hitzetan, baliabide horiek “ezinbestekoak” dira Hezkuntza Sailak identifikatutako erronkei heltzeko, hala nola, “digitalizazioari, euskarari eta arreta emozionalari”.