argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Saila lanbide-heziketan: disimulu barik disimuluan

Mikel Basabe Kortabarria 2020ko urtarrilaren 29a

Hezkuntza Sailak lanbide-heziketako datuak eman ditu asteburu honetan. Arabako egunkari batean aparte jasotzen ziren euskarari dagozkionak, hauxe esanda: aurten, ikasleen %41 ari da lanbide-heziketan B edo D ereduetan ikasten, eta duela lau urte %25,13 baino ez ziren. Euskarak gora, beraz.

Datuak horrela emanda, D ereduaren bilakaera ezkutatu gura zuen sailak: duela lau urte, 2016-2017 ikasturtean, D eredua %20,71 zen. Eta 2012-2013 ikasturtean, %24,10. Beharbada, bilakaera beharrean D ereduaren egoeraz berba egin beharko genuke, egonean baitago. Hainbesterako, ezen, aurten lehenengoz, D eredua da erdi mailako lanbide-heziketako eredu txikiena. Orain arte beti izan da bigarrena A ereduaren atzetik; orain hirugarrena da.

Baina Hezkuntza Sailak datuak aipatzen dituenez, iturrietara jo eta datuok aztertzeko lana hartu behar da, beti. Horrela egin, eta…

Lehenengo ezustekoa, hizkuntza-ereduen izendapena bera izan da. Haur-hezkuntzan, lehen-hezkuntzan, DBHn eta batxilergoan, guztietan, A, B eta D ereduak daude, eta X hondar-hondarrekoa (batere euskararik gabea). Lanbide-heziketan, berriz, beste izen bat dute: A, A+ eta D. Lanbide-heziketan B eredurik ez da agertzen, hezkuntza-sailaren matrikulazio-datu ofizialetan.

Lehenengo galdera, beraz, hauxe litzateke: zer esan gura du A+ eredu horrek? 1/1993 Euskal Eskola Publikoaren Legeak honela definitzen ditu ereduak:

"A eredua; ikasgaiak batipat gazteleraz emango dira, zenbait ekintza edo gai euskaraz eman ahal izango direlarik.

B eredua; ikasgaiak euskaraz eta gazteleraz emango dira.

D eredua; ikasgaiak euskeraz emango dira".

Bigarren galdera: A+ eredu horretan, zenbat ikasgai ematen dira euskaraz, zenbat gaztelaniaz eta zenbat beste hizkuntzaren batean? Izan ere, nahikoa da ciudadjardin webgunetik bueltatxo bat egitea, ikusteko lanbide-heziketako eskaintzan 3L ere badagoela. (Bide batez: Gasteizko ikastetxe publiko horretan, lau goi mailako ziklo eskaintzen dira Multilingua ingelesa ereduan, eta bakarra D ereduan).

2009-2010 ikasturtean, ikasleen %22,60 ari zen erdi mailako lanbide-heziketa D ereduan egiten; 2019-2020an, %22,07: hamar urtean, puntu erdi, %0,53, egin du atzera. Tarte berean, DBHn, %15,73 egin du gora D ereduak. Zer planifikaziori zor zaio erdi mailako lanbide-heziketako atzerakada?

Horren ondorioz, beste pare bat zalantza: zergatik sartzen dira A+ ereduko ikasleak euskaraz ikasten duten ikasleen artean? Gaztelaniaz ikasten dutenen artean ere zenbatzen dira? Zenbatzen ez badira, zergatik ez? Ikasgai gehiago egiten al dituzte euskaraz, gaztelaniaz baino? Eta beste bat: A ereduko ikasleek euskararik ikasten dute batere? Ez ote da lanbide-heziketako A eredua DBHko X?

Hirugarren galdera: Multilingua ingelesa eta jite horretako ereduetan matrikulatzen diren ikasleak, non jasotzen dira matrikulazio-datuetan? A ereduan, A+ ereduan ala D ereduan? Zergatik ez dira zutabe berezi batean jasotzen?

Laugarren galdera bat ere badago: 2018-2019 ikasturtean, 4. DBHn, ikasleen %66,12 zegoen D ereduan. Aurten, 2019-2020 ikasturtean, %67,39 ari da 1. batxilergoa D ereduan ikasten. 2019-2020 ikasturte horretan bertan, erdi mailako lanbide-heziketan ikasleen %77,34 ari da 1. kurtsoa A eta A+ ereduetan ikasten. Soilik %22,65 ari da erdi mailako lanbide-heziketako 1. kurtsoa D ereduan egiten. Zelan da hori posible?

Bosgarren galdera berez-berez dator: duela hamar urte, 2009-2010 ikasturtean, ikasleen %22,60 ari zen erdi mailako lanbide-heziketa D ereduan egiten; 2019-2020an, %22,07: hamar urtean, puntu erdi, %0,53, egin du atzera euskarazko eredu bakarrak. Tarte berean, DBHn, %15,73 egin du gora D ereduak. Zer planifikaziori zor zaio erdi mailako lanbide-heziketako atzerakada? Eta, bide batez, zer neurri zehatz hartuko da horri buelta emateko, baldin eta neurri zehatzik hartzeko asmorik balego?

Hezkuntza Sailak errealitatea ezkutatu egin gura du. D ereduak ez du aurrera egiten lanbide-heziketan, eta gainerako etapetan denaren herena ere ez da lanbide-heziketan.

Hezkuntza Sailak bertan behera utzi du (Lanbide-heziketako V. euskal planean) D eredua bultzatzeko asmoa eta, orain, zerbaitetan ari dela iradokitzeko, A+ ereduko ikasleak euskarazko ikasle izendatu ditu.

Hezkuntza Saila disimulurik gabe ari da disimulatzen.