Sindikatuen arabera sukaldeko langileen %80k egin du bat deialdiarekin eta garbitzaileen %65ek. Sukaldetako ratioak eta garbitzeko metrajeak ez direla “egungo errealitateari egokitzen” salatu dute.
Ehunka lagunek egin dute bat Steilas, ELA eta LAB sindikatuek gaur hezkuntza publikoko garbitzaile eta sukaldarien arloan deituriko grebarekin. Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ardurapean dauden 470 sukaldari eta jangelako laguntzaile eta 330 garbitzaileri luzatu diete deialdia sindikatuek, lehenengoen %80 ez da lanera joan eta bigarrenen %65 ere ez.
Batez ere emakumeez osaturiko kolektibo horietan dauden lan-baldintza kaskarrak ezagutarazi dituzte kalera irten diren langileek: “iruzurrezkoak” diren laguntza kontratuak, ratio eta metraje ezegokiak, behin-behinekotasun tasa izugarria –kontratu guztien %63–, erosmen ahalmen galera handia azken urteetan…
“Gurea lanpostua fisikoa da, eta gogorra, baina laneko gaixotasun bakarra onartzen zaigu, tunel karpianoarena. Egun osoa zutik egoten gara, eta pisuarekin ere lan egiten dugu, baina hori ez da kontuan hartzen”, azaldu dio Lierni Telleria Zegamako sukaldariak Goierriko Hitzari.
Bestalde, sektorearen “pribatizatze arriskua” ere ikusten dute Eusko Jaurlaritzaren azkenaldiko neurriak direla-eta. EiTBren aurrean hitz egin du grebalarietako batek: “Eskatzen duguna da Jaurlaritza behingoz jesartzea eta proposamenak mahai gainean jartzea”.
Gaurko grebari oihartzuna emateko mobilizazioak eta ekintzak egin dituzte Gasteiz, Donostia eta Bilboko Hezkuntzako ordezkaritzen aurrean:
Hezkuntzan inbertitzen duten apurra ikusita, @Gob_eus eta @c_uriartetoledo-ren irudia ezin garbitu... #grebahezkuntzan pic.twitter.com/gOWQPRWnq2
— ELA Donostia (@ELAdonostia) 2017(e)ko azaroak 16
Sukaldari ta Garbitzaileen GREBAN. #GrebaHezkuntzan Argazkiak Bilboko giza katea Eusko Jaurlaritzara pic.twitter.com/4ou5RAfBUt
— STEILAS sindikatua (@STEILAS_) 2017(e)ko azaroak 16
Jarraipen zabala Hezkuntzako sukaldari eta garbitzaileen grebak. Orain mobilizazioak Bilbo, Donostia eta Gasteizen pic.twitter.com/rLyz8FDSsk
— #KataluniarekinBat (@LABsindikatua) 2017(e)ko azaroak 16
Hezkuntza publikoan udazken honetan egiten ari diren protesten bide-orrian arlokako bigarren greba izan da gaurkoa. Abenduaren 12an greba orokorra deitu dute ELA, LAB eta Steilasek. Egun horretan CCOOk ere greba egingo duela iragarri du.