argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza publikoko langileek kaleak hartuko dituzte
  • Irakasleak, hezkuntza bereziko hezitzaileak, sukaldariak, garbitzaileak eta Haurreskola Partzuergoa: hezkuntza publikoko langileak grebara deitu dituzte EAEn, abenduaren 12an. Aldarria, "lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki!". Nafarroako hezkuntza komunitatea ere deituta dago, Iruñean egingo den giza katera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko abenduaren 11

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin dituzten negoziaketek aurrera egiten ez dutela-eta, sindikatuek presio egiten jarraitu nahi dute kalean. Krisiaren aitzakian administrazioak “murrizketak betikotu” nahi dituela salatzen dute, eta eskaera zehatzak egin dituzte ELA, LAB eta STEILASek: hala nola, hezkuntza inbertsioa gutxienez Europar Batasuneko batez bestekora handitzea; ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea; gutxienez 2.000 langile gehiago hartzea; gelako ikasle kopurua %10era jaistea eta ordezkapenak lehen egunetik egitea.

Mobilizazioz mobilizazio

Uda aurreko mobilizazioei indartsu eman diete jarraipena udazkenean ere. Irailetik, elkarretaratzeak, salaketa egunak, itxialdiak, borroka asteak eta sektorekako greba egunak egin dituzte. Abenduaren 12an, sektore guztiek elkarrekin egingo dute greba, eta manifestazioak izango dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen, eguerdiko 12etan abiatuta.

Eta Nafarroan, giza katea

“Zazpi urte pasa badira ere, oraindik ez dira leheneratu UPNk Nafarroako hezkuntza publikoan ezarritako murrizketa basatiak. Bada garaia hezkuntza komunitatearen beharrak kontuan hartzeko”, gaineratu dute ELA, LAB eta STEILASek. Hezkuntzan murrizketarik gabeko aurrekontuak aldarrikatzeko, giza katea deitu dute egun bererako, Iruñean. Hezkuntza komunitateari egin diote dei, abenduaren 12an arratsaldeko 18:00etan Hezkuntza Departamentua eta Nafarroako Gobernua lotuko dituen giza kate ahalik eta jendetsuena osatzeko. Kamiseta eta pankartekin hurbiltzera animatu dute jendea, aldarrikapena aberatsagoa izan dadin.