Astelehen arratsalde-gaueko negoziaketa bilera luzearen ostean aurreakordiorik lortu gabe, EAEko hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak izan dira berriz ere; urtea hasi denetik bosgarren greba eguna izan da asteartekoa. Lanuzteek %75eko jarraipena izan dutela adierazi dute STEILAS, LAB, ELA eta CCOO sindikatu deitzaileek.
Urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea hasi berri dute hezkuntza publikoko langileek. Urtarril eta otsailean lau greba egun egin zituzten irakasleek, eta aste honen eta datorrenaren artean beste bost egunera daude deituta. Astearte honetan, jarraipen zabala nabarmendu dute sindikatuek, nahiz eta beste behin salatu duten Eusko Jaurlaritzak “gehiegizko zerbitzu minimoak” ezarri dituela.
Egun bat lehenago, espektatiba ugari piztu zuen Hezkuntza Sailaren eta sindikatuen arteko negoziaketak. Proposamen berria helarazi zien sailak langileen ordezkariei, eta luze aritu ziren bertako puntuak eztabaidatzen. Aurreakordio bat sinatzea eta horren bidez grebak bertan behera geratzea zuen helburu Eusko Jaurlaritzak, baina huts egin zuten negoziaketek.
Hezkuntza Saila “fede txarrez” aritu dela diote sindikatuek, mahai gainean jarri dieten proposamenari “eduki eta zehaztapenak txertatzeko exijitu zaienean” atzera egin duela sailak, eta “Hezkuntza Sailaren asmoa negoziaketak irudikatzea” izan dela.
Hezkuntza Sailak, aldiz, salatu du mobilizazioek "interes partikularrak defendatzen" dituztela eta "hezkuntza-sistema publikoari kalte" egiten diotela. "Grebak ez du justifikaziorik, neurriz kanpokoa eta arduragabea da", adierazi du. "Frogatuta gelditu da greba horrek ez duela zerikusirik hezkuntza-sistemaren hobekuntzarekin. Interes ekonomiko neurrigabeak eta helburu politikoak uztartzen dira eta ez dute laguntzen ikasleen kalitatezko hezkuntza lortzen, ezta zerbitzu publikoen funtzionamendu egokia lortzen ere", gehitu du.
Egun bat lehenago, aurreakordio bat sinatzea eta horren bidez grebak bertan behera geratzea zuen helburu Jaurlaritzak, baina huts egin zuten negoziaketek
Hitzarmena eguneratzeko aldarria
Urte honetan irakasleek egiten duten bosgarren greba egunean, milaka langile elkartu dira Bilbon egindako manifestazioan, Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita lelopean. Sindikatuek eskaerak errepikatu dituzte, manifestazio aurreko agerraldian: “Lan zamak arintzea, plantillak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros-ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak hartzea”.
“Hamabost urte dira hitzarmena eguneratu gabe, aski da”, azpimarratu dute, eta datozen egunetarako deituta dauden greba egunei eusteko asmoa berretsi dute.
Datozen egunetako mobilizazioak
Martxoak 26: 11:30ean manifestazioak lurraldeka, Bilbon (Arriaga plazatik), Gasteizen (Bilbo Plazatik) eta Donostian (Bulebarretik).
Martxoak 27: 11:30ean manifestazio zentralizatua Donostian, Bulebarretik.
Apirilak 1: 11:30ean manifestazioak lurraldeka Bilbon (Arriaga plazatik), Gasteizen (Bilbo Plazatik) eta Donostian (Bulebarretik).
Apirilak 2: 11:30ean manifestazio zentralizatua Gasteizen, Europa jauregitik.